San Kristobal, Belarriko minaren kontrako eta gidarien zaindaria. Hori da Bergarako Aldai-Egia auzoan dagoen San Kristobal baseliza ondoan irakurri daitekeen esaldia. Gaur San Kristobal eguna izanik, egun handia da auzoan. Atzo hasi zituzten jaiak eta domekara arte luzatuko dira. Eguerdiko 12etan egin dute meza, eta auzotar ugari eta auzotar ez direnak ere joan dira meza entzutera. Ume zein heldu, guztiek adi adi entzun dituzte Juan Kruz Mendizabal apaizaren hitzak. Mezaren bukaeran, San Kristobali abestu ere egin diote. Mezaren ostean, Aldai-Egia auzoan pilatu diren auto guztiak bedeinkatu dituzte.
Bien bitartean, auzotarrak bapo jaten eta edaten harrapatu ditugu. Txorizoa, tortila, edateko ardo freskoa… ez zen ezer falta. Hori guztia, musikaz giroturik noski. Bertan bildu den jendearentzat, auzotarrak izan ala ez, ezinbesteko hitzordu bilakatu da San Kristobal egunean baseliza inguruan biltzea.
Gaur gauean Manu taldeak dantzaldia eskainiko du eta bihar ere, ez da erromeriarik faltako. Igandean ere meza nagusia izango da, eta ondoren autoak bedeinkatuko dituzte. Ia ba, eguraldiak gaurko moduan lantzen duen.