San Juanak ospatzeko ekitaldi ugari egingo dituzte gaur eta bihar

Arritxu Barruso 2008ko ekainaren 23a

Gaur San Juan bezpera dela-eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte herrian. Alde batetik, herri mugimenduak antolatuta, gaur 22:30ean San Juan sua piztuko dute San Martin Agirre plazan. San Juan su horretarako traste zaharrak ekartzea eskatzen da.

Bestalde, Aranzadi Ikastolak, San Juan bezperako eguna ospatuko du arratsaldean. Horrela, 18:30ean hasita, hainbat antzezlan eskainiko dituzte Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrek; hiru urteko neska mutikoek, Ane Mona eta Oskolaren Zapiak airera antzezlana eskainiko dute. Bost urtekoek, berriz, The Uski's taldearen Horrelako izeneko antzezlana. Lehen hezkuntzako lehen mailakoek, berriz, Arratsaldeko seietan antzezlan herrikoia eskainiko dute; hirugarren mailakoek, berriz, Joan nintzen merkatura antzezlan herrikoia; eta azkenik, bosgarren mailakoek, Manolo Urbietaren Ai, ai fandango. Antzezlan guztien amaieran, San Juan sua abestuko dute guztiek batera. Eguraldi ona egiten badu, Seminarioko patioan izango da ekitaldia, txarra eginez gero, barruan. Horren ondoren, 20:30ean afaria egongo da barruko patioan izena eman duten guztiendako. Amaitzeko, San Juan sua piztuko dute, Seminarioko patioan eta trikiti eta pandero doinuen laguntzaz su ondoan dantza egiteko aukera izango dute bertan biltzen diren guztiek.

San juan auzoko jaiak

San Juan auzoan ere ospatuko dute San Juan eguna. Gaur, auzoko baserri bakoitzak San Juan sua piztuko du. Bihar, berriz, San Juan auzoan, San Juan eguna ospatuko dute. Horrela, auzoko ermitan 11:00etan, meza egongo da eta nahi duenak lora sorta eraman dezake bedeinkatzeko. Ondoren, San Joxepeko abesbatzaren emanaldia egongo da, eta hauek amaitzen dutenean, hamaiketakoa eta trikitilariak egongo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak