Lehengo ohiturak
Herri Mugimendukoek gehitu dutenez, "euskaldunok herri zaharra osatzen dugu eta hasieratik lotura handia izan dugu Ama Lurrarekin; gure jai eta errituak haren inguruan antolatzen genituen. Euria eskatzeko bagenituen gure moduak; Araotzera joaten ziren emakumeak ama izateko arazoak zituztenean arbasoen jainkoei eskean egiteko; Kristo jaio gabe zegoela, bageneukan Orantzaroa familia elkartzeko aitzaki... eta udari ongi etorria ematen genion su bat eginez".
Lehengo lepotik burua
Herri Mugimendukoek lehengo garai haiek gaur egungoekin ere alderatu dituzte: "Gaur egun ez gara garai haietan bezain arkaikoak. Modernoagoak, aurrerakoiagoak... laikoak ei gara. Dena dela, Ama Lurra maitatzen jarraitzen dugu, emakumeak ama izan edo ez izan erabakitzeko eskubidean sinesten dugu, Euskal Herriko familia guztiak elkarrekin ikusi nahi ditugu, gure etxeak defendatu beharra ikusten dugu, gure historia propioa ikasi nahi dugu inork ezer ezabatu gabe eta gure arbasoen hizkuntzan, euskaran".
Herri Mugimenduak Xaxau birusa sortu zuen Pazkoetarako. Bada, birus horrek lanean diharduela azpimarratu dute eta "Pazkoetan astindu zituen sentsibilitate guztiak batu" nahi dituela berriz, San Juan sua bezalako jai herrikoian.