Udalak eta San Joxepe elkarteak hitzarmena sinatu zuten eguaztenean. Hitzarmenen horren arabera San Joxepe elkarteak bere gain hartuko du egoitzaren kudeaketa eta hori modu egokian gauzatu dadin bi aldeek bete beharrekoak ere jaso dituzte hitzarmenean.
Aurrekariak
Orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatu du Boni Laskuraingo egoitza, baina zentroaren zati baten erabilera Udalari laga dio zerbitzu sozialekin lotura duten jardueretarako –beste zatia eguneko zentrorako dauka Aldundiak–. Hori horrela, bai Udalaren eta baita San Joxeperen iritziz ere, toki hori orain arte bezala hirugarren adinekoendako jarduerak garatzeko izatea komeni da, eta adostu dute San Joxepe elkarteak berak kudeatuko duela.
Horrekin guztiarekin, Udalak doan laga dio San Joxepe elkarteari zentroa erabiltzen, hirugarren adinekoendako topagune izateko eta haiendako zerbitzuak eman eta antolatzeko. Bestalde, topagune izateaz gain, hirugarren adinekoen aisialdirako ekintzak antolatzeko konpromisoa ere hartu dute, besteak beste.
Udalaren konpromisoak
Udalak honako konpromisoak hartu ditu bere gain, besteak beste: zentroko kanpoaldeko garbiketa eta lorategi lanak egitea eta eraikinaren eta instalazioak garbitzeko eta mantentzeko gastuak, tabernarena izan ezik.
Hitzarmenaren iraupena urtebetekoa izango da eta urtez urte luzatzeko aukera izango du, gehienez ere. Bestalde, lankidetza hori zuzen aplikatu, jarraitu, sustatu eta garatzeko jarraipen batzordea eratu dute Udaleko eta San Joxepe elkarteko bina ordezkarik.