San Antonioko ermita zenaren kanpandorrea berriz zutik

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko abe. 19a, 10:16
San Antonioko ermita eraitsi zutenean gorde egin zuten kanpandorrea auzotarrek. Ermita zegoen lekuan jarriko dute Udalaren laguntzarekin

San Antonioko ermita zenaren kanpandorrea berriz ikusteko aukera izango dute herritarrek. 1996an ermita eraitsi zutenean gorde egin zituzten kanpandorretxoa osatzen duten harriak eta kanpaia eta orain, berriz altxatuko dute Ermitako batzordeak eta Gure Ametsa Kultura Batzordeak. Hain justu, Udalak 6.300 euro bideratuko ditu horretarako, San Antonio auzoko ondasun historikoa errekuperatzeko ekimena laguntzeko. Kanpandorrea jasoko dute lehen ermita zegoen leku berean eta gehituko diote eraitsitako Parra tabernak kanpoaldean zeukan plaka bat; ur handien plaka bat, hain justu ere. Kanpandorrea egongo da kapera berriaren parean.

kapera berria

Kapera berriari dagokionez, proiektua eginda dagoela azaldu dute Gure Ametsa Kultura Batzordeko ordezkariek. Udalarekin 1996an sinatutako hitzarmena dela eta, babestutako etxeen beheko solairuan egingo dute kapera berria, irudian ikus daitekeen moduan.
Iñaki Berasategik egin du proiektua eta batzordeko kideek azaldu duten moduan kapera izango da "xumea". 93 metro koadro izango ditu eta eserita, 50 bat lagunendako lekua. Kanpoko aldetik egur eta beirazkoa izango da. Bestetik, argiak garrantzia handia izango du.
Kapera egokitzeko lanak noiz hasiko diren zehaztu barik dagoen arren, 2009 San Antonio egunean –ekainak 13–inauguratu nahiko lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak