San Anton eguna, animalien eta baserritarren eguna ospatu dute gaur Bergaran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko urt. 17a, 17:00
San Anton eguna, animalien eta baserritarren eguna ospatu dute gaur Bergarako San Anton auzoan. Goizeko 9:30etan hasi dituzte ospakizunak auzotarrek; San Anton ermitan meza entzun ondoren, salda beroa prestatu dute gaurko egun hotza epeltzeko. Ospakizunek aste bukaeran jarraituko dute, San Anton krosa eta herri kirolekin

Urteroko ohiturari jarraituz San Anton auzoko ermitara igo dira herritarrak meza entzun eta giro epelean goiza pasatzera.
Goizeko 9:30etan auzotarrek batzarra izan dute; gero, kaletik ermitara dagoen kilometro erdia oinez egin dute, elkarrekin. Etxafuegoekin egin zaie ongi etorria auzotarrei. Ondoren, meza eman du Juan Cruz Mendizabal Bergarako parrokoak. Beste urte batzuetan gertatu ohi den bezala, eliza jendez lepo bete da gaurko egunez ere. Ermitara hurbildutako gehienak auzotarrak ziren, inguruko baserritakoak.
Izan ere, jendeak horrelako egunak aprobetxatzen ditu aspaldiko lagunekin elkartu eta kontuak kontatzeko. Ordu erdiko mezaren ondoren, hamaiketakoa eman dute San Anton ermitaren atarian. Salda beroa eta txorizo muturra.

Baserritarren zaindaria


Baserritarren artean, Neguko San Anton edo San Anton zahar bezala ezagunagoa da San Anton eguna. Izan ere, San Anton baserritarren eta animalien santua da. Hainbat lekutan ohitura da animaliak bedeinkatzera eramatea; baina, Bergaran ez da horrelakorik egiten. Gaurko ez da izan San Anton jaiaren inguruan ospatuko den ekitaldi bakarra. Auzotarrek egitarau zabala prestatu dute aste bukaerarako; aipagarriena, domekan, eguerdiko 12etan jokatuko den San Anton krossa izango da. Gainera, herri kirolak eta dantzak ere antolatu dituzte.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak