Salgai daude koadrilen eguneko herri bazkarirako txartelak

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko maiatzaren 10a

Aurten 400 txartel atera dituzte eta Kortazar eta Pol-Pol tabernetan daude salgai 10 eurotan. 148.000 euro da jaien aurrekontua eta skate festa eta seminarioko zezen-plaza dira nobedadeak.

Maiatzaren 25ean hasi, 15 egun barrua, eta 29an bukatuko dira eta kultura sailak prest du aurtengo Pazkoetako egitaraua. 6.000 ale banatuko dituzte etxez etxe datorren astean.

Skate festa labegaraietan
Aurtengo Mendekoste jaiek 148.000 euroko aurrekontua dute eta Labegaraietan egingo duten skate festa da egitarauan agertzen den nobedadeetako bat.
Jaietako domekan egingo dute festa hori. 11:00etatik 14:00etara skate librea egingo dute eta arratsaldean, txapelketa. Eguerdiko bazkaria Giokelakoen laguntzarekin prestatuko parrillada izango da, Labegaraietan bertan. Txapelketako sari banaketaren ostean, bi musika kontzertu ere egongo dira.

Bestalde, sokamuturrari dagokionean ere nobedade bat dago: aurten ez da sokamuturrarik egongo. Errege seminarioan zezen-plaza jarriko dute aurten eta hantxe egingo dituzten zezen ikuskizun guztiak. Zapatutik martitzena bitartean, biak barne, bigantxak egongo dira zezen-plaza horretan 09:00etan. Domeka iluntzean, Bergarako errekortadoreek euren ikuskizuna eskainiko dute eta astelehen eta martitzen goizetan ere errekortadorea nola izan erakutsiko diete 16 urtetik gorakoei. Gaztetxoendako zezentxoak eta poniak ere egongo dira.

Koadrilen eguna
Koadrilen eguna astelehena izango da aurten ere eta dagoeneko salgai daude herri bazkarirako txartelak. Kortazar eta Pol-Pol tabernetan daude salgai, 10 euroren truke. Bazkariak aurreko urtetan izan duen arrakasta ikusita, txartel gehiago atera dituzte: aurten 400 txartel jarri dituzte salgai, iaz baino 50 gehiago. Bazkaria herriko plazan izango da aurten ere eta hauxe da menua: pasta entsalada, oilasko errea goarnizioarekin eta hostopilezko etxeko tarta.
Aurten ere antolatu dituzte koadrilen arteko jokoak, baina bazkal ostean egingo dituzte, ez goizean, orain arte bezala. 17:00etan hasiko dira jokoak eta ondoren, Mr. eta Ms. Jator lehiaketa egingo dute plazan bertan. Sariak, Javier Gonzalez gazteak emango ditu, Bergarako Mr. Bizkaia 2007k.

Txosnak, bideberrin eta plazan
Aurten ere txosna bat egongo da plazan eta beste bi Bideberrin. Aurten gainera, ogitartekoez gain janari gehiago ere salduko dute Bideberriko hirugarren txosna.Izan ere txosna batzordeak ere prest du jaietako bere egitaraua. Bitorianatxoren jaitsieraren ostean kalejira egingo dute eta orduantxe zabalduko dituzte txosnak; egubakoitzerako, gainera, presoen aldeko afaria antolatu dute. Bestalde, kontzertuak ere ez dira faltako Bideberrin.

Guzti horretaz gain beste hainbat ekitaldi ere egongo dira aurtengo Pazkoetan, adibidez: motokross txapelketa, trial erakusketa, elkarteen arteko bakailao lehiaketa, erraldoien kalejira, musika bandaren kontzertua, umeendako txotxongiloak eta dantzaldiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak