Ruben Montero, jaietako kartel lehiaketako irabazle

NereaMenor 2010eko apirilaren 19a

Aratusteetako kartel lehiaketa irabazi ondoren, hamar lanen artean aukeratu dute Ruben Monterorena.

Mentekoste jaietako egitarauaren azala eta kartela egiteko lehiaketa irabazi du Ruben Monterok. Udalak antolaturiko aurtengo bigarren kartel lehiaketa irabazi du, otsailean ospatu ziren aratusteetako egitarauko azala irabazi ondoren. Aurretik ere beste hainbat lehiaketetan irabazle suertatu da Montero. Iaz, Aretxabaletako aratusteen kartela ere berea izan zen eta 2006.urtean herriko aratusteetako kartela ere bai.
Kartelean jaietako giroa islatzen saiatu dela adierazi digu irabazleak. Irudian, jendez betetako plaza bat ikus dezakegu eta baita baloiak. “Bitorianatxoren jaitsieran, orain, baloiak botatzen dituzte, hortik hartu nuen ideia”, dio diseinatzaileak. Herrian ohikoak diren farolen argazkia ere bertan sartu du.

10 lan aurkeztu dira
Aurten 10 lan aurkeztu dira kartel lehiaketara eta Jai Batzordeko kideez osatua izan da epaimahaia. Aurkeztutako lanekin pozik agertu dira eta erabakia erraza izan ez bada ere, irabazlea Montero izan da. Aurtengo kartel lehiaketaren saria 600 eurokoa izan da.

Jaietako zapi lehiaketa
Urtero bezala Jardun Euskara Elkarteak Pentekoste jaietako zapia aterako du. Zapirako marrazkia lortzeko lehiaketa antolatu dute dagoeneko eta honekin batera euskararen aldeko lema labur bat jarri beharko da.
Marrazkiaren gaia jaiekin lotutakoa izan behar du eta Jarduneko bulegoan edota postaz aurkeztu daiteke jardun@topagunea.com helbidean, maiatzaren 5a baino lehen. Marrazkia A4 formatuan aurkeztu behar da eta txuri beltzean. Egilearen datuak kartazal itxi batean sartuko dira (edo fitxategi ezberdin batean posta elektronikoz bidaliz gero) eta hau beste kartazal handiago batean gorde beharko da lanarekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak