Realeko lehengo sasoien akorduan lehen mailara igotzeko gogoz

Irati Agirreazaldegi 2009ko api. 26a, 15:13
Aurten da Realaren ehungarren urteurrena eta historia horretan barrena garaipen esanguratsuak lortu ditu talde txuri-urdinak. Horietako bat, esaterako, Puertollanokoa, Reala lehen mailara igoarazi zuen berdinketa hura. Apirilaren 23an zen, 1967an, eta orduko jokalarian urtero elkartu ohi dira apirilaren azken aste bukaeran garai zaharrak gogoratzeko eta gaur egungo futbolaren gainean berba egiteko.

Zapatuan Bergaran egin zuten hitzordua eta hiru jokalariren faltan gainontzeko guztiak azaldu ziren plazara. Bergarako tokirik esanguratsuenak ikusiz bisita turistikoa egin eta Erreki jatetxean bazkaldu zuten gero.


Bergarako kaleetan ibilian zirela batek baino gehiagok ezagutu zituen eta izan zen eurak ikusita "Gora Reala!" esan zuenik ere. Baten bat "zuek bai, ze oraingoak...", esatera ere ausartu zen. Hala ere, lehengo jokalariek pozez hartu zituzten jendearen hitzak.  "Urte asko pasa arren jendeak oraindik kalean ezagutzen gaituela, eta orduan zerbait egin genuela gogoratzen duela ikustea guretzat ere pozgarria da", esan zigun Jose Migel Arregik.

Lehen mailarako igoera

Talde argazkia ateratzerakoan makurtu eta hezurretako minak  eta adina izan zituzten berbetarako gai, baina garai batean ez zen horrelako aitzakiarik, ez behintzat Puertollanon mailaz igo zirenean. "Egun hura zoragarria izan zen eta buelta zer esanik ez. Jendea zoratuta zegoen eta   sekulako harrera egin ziguten. Partidu guztiak zailak ziren, baina hura are gehiago; 2 eta 0 galtzen joan ondoren buelta eman genion. Nik uste dut hirugarren gol bat behar izanez gero sartuko genuela; gure taldeak bazuelako mentalitatea eta burua hori egiteko", esan zigun Arregik.

Ordukoa nostalgiaz baina pozez gogoratzen du Agustin Arantzabal Gazteluk ere. "Hura pasa zen eta orain gaude pixka bat triste Realean dagoen egoerarekin. Gauzak zail daude aurten igotzeko, baina jarraituz gero guk eduki genuen moral berarekin akaso egon liteke zorte pixka bat eta ea igotzen den".

Jose Migel Arregi ere bat dator Gaztelurekin: "Realeko historiaren parte izatea zoragarria izan da koadrila honentzat. Gainera, hainbeste urtean ez da berriz ere igoerarik izan  eta orain, gainera, mailaz jaitsita dago Reala eta orain daukagu ideia edo nahia 42 urteren ondoren ea berriz igoera ospatzeko modurik izaten dugun. Izan ere, bi urte daramatza Realak lehen mailatik kanpo eta penagarria da hori".

Oraingoei gomendioak

Kostata igo ziren mailaz eurak eta oraingo Realak zail duen arren, esperantza ez dela galdu behar diote. Arregiren esanetan, "partidu guztiak irabazi behar dituzte eta izugarri kostatzen zaie golak sartzea eta partiduak irabazteko golak beharrezkoak dira. Gainera, puntu asko galdu dituzte azken momentuetan. Bestalde, badira beste hiru edo lau talde aurrean eta haiek ere huts egin behar dute. Matematikak amaitu arte segi eta segi egin behar dute, partidua irabazi eta hurrengoan pentsatu, partidu guztiak finalak direla pentsatu".

Gazteluk gomendio bat eman nahi izan die Realeko jokalariei: "Lana, lana eta lana eta Reala maite duenak bere alde eman dezala dena. Lana eginez gero, aurten igo ezean ea datorren denboraldian igotzen diren". Beteranoen gomendioei segituz ea datorren urtean elkartzen direnean Realaren igoera ospatzen duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak