Puntu bana bergararren arteko lehen derbian (1-1)

Xabier Urtzelai 2008ko irailaren 28a

Ipintza futbol zelaiak sekulako itxura erakutsi du BTLS eta Bergara taldeek gaur arratsaldean jokatu duten partiduan. Ikusle mordoa batu dira bergararren arteko lehenengo derbia ikusteko. Ez da joko handirik izan, baina zeingehiagoka entretenigarria izan da. Bergara aurreratu da markagailuan, eta BTLSek penaltiz egin du 1-1ekoa. Penaltia garbia izan da.

Lehenengo minutuetan aurrean zegoen taldearekiko errespetua erakutsi dute bi taldeek. Bergarak izan du baloi jabetza handiagoa, eta behin baino gehiagotan gerturatu dira BTLS taldeko Mikel Mondragonen atera. Duda barik, Mondra izan da BTLSeko onena, eta Bergarako jokalari Oier Loiolak esan moduan, beste atea zaintzen ibili den Jon Sotorekin alderatuta Mondrak lan handiagoa izan du: "Gure atezainak gutxitan ukitu du baloia, eta horrek erakusten du BTLSek baino gol aukera gehiago izan ditugula". Zelai erdiaren jabetza izan dute kanpotarrek, baina BTLSek tarteka erakusten du Bergarak hobe zuela kontuz ibili. 

Golak bigarren zatian
Lehenengo zatia husnako berdinketarekin amaitu dute, eta bigarrenean BTLSek hasieran baino joko erritmo handiagoa erakutsi du; hala ere, Bergarako erdilariek BTLSeko atzelarien bizkarra bilatzen jarraitu dute, aurrelariei paseak ezker-eskuin emanez. Horrelako jokaldi batean etorri da 0-1ekoa. Eskuin hegaleko jokaldian, atzera-pasea jaso eta ate aurrean Cabanillasek 0-1ekoa egin du.
Aranbururen mutilek, baina, ez dute amore eman. Berdinketaren aldeko azken ahaleginean euren aldeko penaltia lortu dute; garbia, gainera. Gallastegik ez du penaltia bikain bota, baina golak berdin balio du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak