Plenoa astelehenean eta atentatua gaitzesteko kontzentrazioa bihar

Edu Mendibil 2008ko ots. 8a, 20:42
Udalbatza osatzen duten alderdietako ordezkariek ez dute adostasunik lortu gaur arratsaldeko bileran. Ordu eta erdiz bilduta egon ondoren, ez ohiko plenoa astelehenean egitea erabaki du udal gobernuak. Bestalde, EAJk, EAk eta PSE-EEk elkarretaratzea deitu dute zapatu egueradirako.

EAE-ANVren partetik Agurne Barruso alkatearekin batera, Enara Minguez, Maite Guridi, Aitor Goiti eta Roberto Martinez zinegotziek hartu dute parte gaur arratsaldeko bileran. Era berean, Aralarko Mikel Etxaniz, EAJko German Muruamendiaraz eta Juanjo Arrieta, Eusko Alkartasunako Lauri Askargorta eta PSE-EEko Javier Garai izan dira bileran.

Esan bezala, bilerak ordubete iraun du baina ez dira adostasun batera iritsi udalbatzako kideak. Alde batetik, EAJk, EAk eta PSE-EEk bihar zapaturako deitu nahi zuten ez ohiko osoko bilkura, baina udal gobernua osatzen duten EAEk eta Aralarrek plenoa astelehenera atzeratzera erabaki dute. Bestetik, ez dute testu baturaturik adostu eta beraz mozio bat baino gehiago izango da aztergai asteleheneko ez ohiko osoko bilkuran. EAJk eta EAk testu bateratua aurkeztuko dutela aurreratu digute. Udalbatza astelehenean izango da, 19:00etan.

EAJ, EA eta PSE-EE alderdiek bihar, eguerdirako, kontzentrazio bat deitu dute Bergarako San Martin  plazan, gaur gauerdiko Epaitegiaren kontrako atentatua gaitzesteko. Elkarretaratzea 12:00etan izango da.

Udal gobernuan kaleratutako adierazpenean, zera jasotzen da lehenbiziko puntuan: “Biharko eguna Justizia Jauregiari egindako erasoan eragindako bergararrekin egoteari eta behar duten laguntza emateari dedikatuko diogu”.

Agurne Barruso alkateak zein Aralarko zinegotziek ez dute adierazpenik egiterik nahi izan gaurko bileraren ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak