Pintxo eta sukaldaritza lehiaketak azaroaren 24ko patata ferian

Edu Mendibil 2007ko aza. 12a, 12:19
Gure Ametsa elkartearen eskutik, patata feria eta pintxo lehiaketa izango ditugu Bergaran azaroaren 24an. Era berean, herriko elkarte gastronomikoei zuzendutako sukaldaritza lehiaketa egingo da egun horretan. Bestalde, gaztetxoendako Gabonetako postalena deitu du Gure Ametsak, Serafin Esnaola zena gogoratu nahirik.

Pintxo lehiaketan Bergarako tabernek parte hartu ahal izango dute; izenematea hurrengo astera arte, hilaren 17ra arte, dago zabalik. Pintxoak egiteko orduan patata izango da erabili beharreko osagai nagusia. Antolatzaileek 2,5 kiloko patata poltsa bana emango diete partaideei eta gainerako osagaiak haien kontura izango dira.  Hiru pintxo onenak sarituko dituzte; aurkezpena, originaltasuna, osaketa eta zaporeak zeresana izango dute.


Gure Ametsako Jesus Jauregiren hitzetan,  "Rafael Garitano ekarri nahi izan dugu gogora ekitaldiokin. Santa Marinako parrokoa izan zen XVIII. mendean eta patataren landaketan eta ikerketan aitzindarietako bat izan zen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak haren ikerketen berri eman zion Espainiako Erregeari. Pertsonaia bitxia izan zen duda barik".

Patatak saltsa berdean

Esan bezala, patata feria ere ospatuko da San Antonioko plazatxoan. 12 patata mota erakutsiko dituzte, patata dastatzea eta salmenta postuak izango dira eta elkarte gastronomikoei zuzendutako lehiaketa ere: patatak saltsa berdean gertatu beharko dituzte partaideek. Izenematea eta argibideak: 648 01 32 40 (Jesus Jauregi).

Gabonetako postalak

Bestalde, Gabonetako postalen III. lehiaketa (Serafin Esnaola memoriala) deitu du Gure Ametsak. 3 eta 12 urte bitarteko haurrek har dezakete parte eta adinaren arabera hiru maila bereiztuko dituzte. Gabonen gaineko marrazkia aurkeztu beharko dute orri laurdeneko kartulinan. Postalak Gure Ametsa elkartera eraman beharko dituzte abenduaren 21ean, 19:00etatik 21:00etara. Irabazleek trofeo bana jasoko dute eta partaide guztiei diplomak emango zaizkie. Sari banaketa abenduaren 22an egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak