Bergarako Ariznoa Gimnasia Elkartearen jaialdia biribila izan da, eta mila lagun baino gehiago batu dira dantza eta gimnasia saioak ikusteko. Bergarako eta Euskal Herriko gimnastekin batera Aukeran dantza taldekoak eta Samu Crew taldekoak izan dira, eta baita Gasteizko gimnasta olinpikoa ere, Almudena Cid.
Gustura geratu dira Ariznoa gimnasia elkarteko arduradunak, ekitaldi biribila egin dutelako. Jendeak ondo erantzun du, bete egin da pilotalekua, izan ere, jaialdia hasi baino ordubete lehenago jende ilara zegoen sartzeko zain. Ordu eta erdiko saioa erakargarria izan da, gustura ikustekoa, eta gonbidatu nagusia, Almudena Cid oso gertuko egon da herriko gimnastekin: "Deseatzen nago berriro ere etortzeko, ederto egon naiz-eta Bergaran".
Asteleheneko Goienkariak bi orri eskainiko dizkio Ariznoaren urteurreneko jaialdiari, eta Harmailatik kirol saioak tarte berezia eskainiko dio.