Pilotaleku motzeko Gabonetako Martiko torneoko finalerdiak jokatuko dituzte Bergaran

Xabier Urtzelai 2009ko abenduaren 16a

Euskal Herriko erremontista onenak izango dira Gabonetan Bergaran, eta ez lagunartekoa jokatzeko. Pilotaleku motzeko Gabonetako txapelketa egongo da jokoan, eta Bergaran bi finalerdiak jokatuko dituzte, hilaren 24an eta 25ean.

"Aurten lehenengoz ekarri dugu erremontea Bergarara –ekainean jokatu zuten Bergaran erremonte kopako partidu bat, eta Oñatin izan zen finala–. Egia da pilotalekuan ez zela jende mordoa egon, baina bertan egon zirenak oso gustura geratu ziren pilotariek eman zuten ikuskizunarekin, eta kirol horren aldeko apustua egin dugu", adierazi du gaurko aurkezpenean Martin Etxeberria kirol zinegotziak.


Hala, abenduaren 24an, 17:00etan hasita bi atzelari izango dira aurrez aurre, Urrutia eta Lizaso (12 euro). Abenduaren 25ean, 17:30ean, aurrelarien txanda izango da, Ezkurrak eta Zeberio II.ak jokatuko dute (12 euro). Bi kanporaketa horietan nagusitzen diren erremontistek abenduaren 26an jokatuko dute finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan (16:45), eta ETBk eskainiko du norgehiagoka hori.
Buruz buruko partiduetan ohi moduan, partiduak 35 tantora izango dira, eta partidu nagusia baino lehen binakako partiduak jokatuko dituzte, bai hilaren 24an eta baita hilaren 25eko jaialdian ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak