Azpeitiarrek argi utzi zuten egubakoitzean, Bergarako Udal Pilotalekuan, txapelketa eskuratzeko faborito nagusietako bat direla. Joan zen urtean moduan, bergararrak final laurdenetaraino iritsi dira aurten. Iazko ekitaldian Ataunek kanporatu zuen Bergara. Reyes Azkoitiaren taldeak miraria beharko du datorren egubakoitzean azpeitiarrak kanporatzeko; irabazteaz gain, abantaila handia lortu zuten azpeitiarrek egubakoitz iluntzean jokatutako hiru neurketetan.
Ikusle ugari eta giro polita izan zen Udal Pilotalekuan, baina zaleen laguntza ez zen nahikoa izan kanporaketa aurrera ateratzeko. Kadete mailan, Andoni Fernandezek eta Iñaki Diezek 4-22 galdu zuen. Azpeitiar bikoteak aise irabazi zuen partidua. Gazte mailako Jon Perezek eta Ander Larreategik egin zuten partidurik onena etxekoen partetik, 15-22 galdu arren. Biek ere partidu ona egin zuten Azpeitiko ordezkarien aurka. Itxaropen handiena senior mailako partiduarekin zuten etxekoek, baina Ander Muguruzak eta Joseba Herranek partidu txarra egin zuten, 10-22 galduz. 1-7 aurreratu ziren bisitariak eta 7na berdindu zuten bergararrek baina 17raino jarraian joan ziren etxekoak. Herranek etxekoen inpotentzia azaldu zuen amaieran, eserleku bati ostikoa emanda.
Esan bezala, itzulerako partiduak egubakoitzean, hilaren 30ean, jokatuko dira Azpeitian, 22:00etan. Gutxienik partidu bat irabaztea da mahoneroen helburua.