Pikulitxa Root´s jaialdia bihar, reggae gaua Gorlako kantinan

Oihana Elorza Gorostiza 2009ko uztailaren 22a

Emon, Lutxana Krew, Dingwash eta DJ Kale Nagusiko Sound Sister taldeak joko dute 21:00etan hasita.

Pikulitxa Root's jaialdia egingo dute bihar, zapatua, Gorlako kantinan. Reggaearekin batera hitz egin, dantzatu, gozatu, afaldu eta gaua pasatzeko urteroko hitzordua.

Gero eta reagge gehiago
Iñaki Gabilondo ibili da aurten ere Pikulitxa Root´s jaialdia antolatzen. "Konturatu naiz gero eta reggae gehiago entzuten duela jendeak, reggae zaleak ugaritu egin direla, eta hori pozgarria da niretako. Aurtengo jaialdia, antolatzeko, adibidez, talde bat baino gehiago etorri da Gorlan jotzeko prest daudela esateko, Bilboko Lutxana Krew taldea, adibidez. Hurrengo jaialdietan jotzeko ere badaude taldeak", dio Iñaki Gabilondok.
Lutxana Krew taldearekin batera, urtero etortzen den Hendaiako Dingwash taldea, Zumaiako DJ Kale Nagusiko Sound Sister eta Bergarako Emon taldeak joko dute. "DJ-ak, aspaldiko kantak jartzen ditu, pieza zaharrak", zehaztu du Gabilondok.

Bestalde, Bergarako Emon taldea ere gogoz dago Pikulitxa Root´s jaialdian jotzeko. "Geure burua eskaini genuen. Sekulako parajea da Gorla reggae jotzeko eta entzuteko, toki paregabea. Gure grabazio bat utzi genion antolatzaileari eta berak deitu zigun gero guri", kontatzen du Emon taldeko Ainhoa Billarrek. "Nahi barik gero eta reggae gehiago egiten dugu, gustatu egiten zaigu. Orain arteko piezez gain berriren bat ere joko dugu Gorlan. Sorpresa bat ere egongo da, agian", jarraitu du.

Ilargiari begira
Pikulitxa Root´s jaialdia musika emanaldi bat baino gehiago dela dio Iñaki Gabilondok, antolatzailea: "musika, jendea, ilargia, natura ... dena batzen da. Jaialdia bera antolatzeko ilargiari begiratzen diogu; ilargi beteari. Aurten abuztuaren 7an izango da ilargi bete, eta data hori ez delako oso aproposa, zapatu honetara aurreratu dugu. Behin tokatu zen ilargi betea uztaileko zapatuan, eta orduantxe egin genuen jaialdia. Ederra izan zen".

Pikulitxa Root´s bihar, zapatua, gauean egingo dute. 21:00etan hasiko da lehenengo taldea jotzen. "Jendea, hala ere, lehenago etortzen da, askok gaua hantxe pasatzen dute, furgoneta barruan, lo egiteko dendan, edo zelaian bertan sakua botata. Bestalde, afaltzea etortzeko asmoa izanez gero aurrez abisatzea eskertuko genuke, urte baten 100 lagun inguru izan ginen-eta"", dio Gabilondok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak