Pertxarekiko eta Errioxarekiko maitasuna abestuko dute 20 lagunek

Leire Kortabarria 2010ko api. 22a, 12:27
Errioxako upategiak, hango giroa eta jateko eta edateko ederrak ia-ia euren Pertxa elkartea adina maite dituen bergarar talde bat badago. Ez dira koadrila berekoak, baina bi pasio horiek lotzen dituzte guztiok; eta, denbora librean bakarrik ez: oraingo domekan, agertokian eta kantuan ere batuko dituzte.

Izan ere, Pertxako 20 bat bazkide, 65-75 urte artekoak, pilotalekuan jendaurrean izango dira etzi, domeka, 12:30ean, Bergarako udal musika bandarekin batera eurek idatzitako abesti bat kantatzeko: Errioxara izeneko euskal martxa.

"Pertxak batzen gaitu"

Taldeko kide Pedro Garitanok kontatzen digu nola sortu zen ekimena: "Urtero, ekainean Errioxara joaten gara, Guardiara-eta. Iazko irteera egin genuenean, Alfredo Gonzalez Chirlaquek –hura ere joaten da– esan zigun hurrengo urtean musikarekin joan beharko genuela; biribilketa bat, eta guk idatzi beharko genuela letra".
Garitanok azaltzen digun moduan, "denetariko jendea" batu da aldi baterako abesbatza horretan: "Herrian, lagunarte desberdinetakoak gara, baina Pertxak batzen gaitu denok".

Bakailaoa eta arkumea

Abestian, Errioxako upategien ontasunak goraipatzen dituzte –makaillau goxo, arkume iztarra, diote bertso baten, eta ardo beltzarekin gustora betetzen gara, onartzen dute beste baten– eta hara bueltatzeko asmoa agertzen dute –berriro goaz Errioxako bodegetara–; hori dena, herriko Pertxa elkarte maitea ahaztu barik, jakina –Masterreka da gure kalea, eta Pertxa, paradisua, diote abestiaren hasieran–. Abestiak Bergarako hizkerako berba eta esaldien biziera ere erakusten du: hala, Masterrekan mortalak jaeztak, mortalak jaeztak, diote euren buruaz. Abestia martxa bat da, 6x8 konpasean eginda; Pedro Garitanoren hitzetan, "oso martxosoa", eurak bezalaxe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak