Datozen lau urtetan zer lan egingo duen aurkeztu du Aralar alderdiak prentsaurrekoan. Egindako udal programan bi ardatz nagusi hartu ei ditu kontuan: "iraunkortasuna eta herritarren parte hartzea". Puntu horiek oinarritzat hartuta, "pertsonendako herria, herri bizia eta euskalduna" nahi dute ikusi Bergara. Hori nola lortu nahi duten ere azaldu zuten zerrendako lehen hirurak.
Pertsonendako herria
Iñigo Iñurrategi Aralarreko kideak esan zuen moduan, "lehentasuna autoei eman beharrean, oinez edo bizikletan dabiltzanei eman nahi diegu lehentasuna. Horretarako, oinezkoendako bidea, bidegorriak eta auzoetara heltzeko mekanismoak bultzatuko ditugu. Horri lotuta, garraio publikoa lehenetsiko dugu eta autoak beharrezko direnean erabiltzeko bitartekoak bultzatuko ditugu". Etxebizitzaren gaian, alokairua indartu nahi dute eta berdeguneak babestu. Bergara herri bizia izatea ere nahi du Aralarrrek eta horregatik, musika taldeendako entsegu lokala lortzea garrantzitsua iruditzen zaio. Hurbileko zerbitzuak ere bultzatu nahi ditu. Euskarari lotuta, plan estrategikoa bultzatzea eta udal ordenantzak garatzea ditu helburu.
Azken legealdiko balantzea
Mikel Etxaniz zerrenda buruak orain arteko lau urtetako balorazioa ona dela esan zuen: "lana egitera sartu ginen Udalean eta lana egin dugu, nahiz eta ez den oso agerian gelditu".