"Ikusi dugu erretiratu eta pentsiodun asko pobrezian bizi dela, batez ere, emakume alargunak, soldataren %52rekin; etxe bat aurrera eramateko 1.000 euro behar dira hilean, eta emakume horiek 700-800 inguruan dabiltza", azaltzen du LAB-Helduak ataleko Itziar Usandizagak. Oro har, erretiratu eta pentsiodunendako "pentsio duinak" eskatzeko egin dute kale-bilkura gaur eguerdian.
Horrez gain, LAB sindikatuak Helduak delako atala ezagutarazi nahi izan du ekintza horrekin. "San Joxepe elkarteak aisialdia lantzen du, eta gu horren osagarri izango gara, arlo erreibindikatiboa landuz", esan du Usandizagak. Pentsiodunendako eskaerak egiteko asmoz, hainbat batzar eta ekintza egingo dituzte LAB-Helduetakoek, eta Debagoien osoan jardungo dute. Oraingoz, euren kezkak hauek dira: "Pentsio duinak eta publikoak, egoitza publikoak eta osasun zerbitzu publikoa", esan du Itziar Usandizagak.