Pello Garitanoren alde txirrinduzalea, kantuzalea, lagun artekoa, borondatetsua... ezagunak dira Bergaran, baina gaur Pellok bere alderdi sentibera utzi du agerian. Herriko elkarteei lagunduz egindako lan altruista eskertu nahi izan diote bergararrek egunerako propio gertatutako zapiak lepoan dituztela.
Goizean, Labegaraietako eliza txiki geratu da Pelloren lagun, ezagun, senide, bergarar eta kanpokoak hartzeko.
Meza ostean, Lokatza txirrindulari taldekoek bizikleta gurpilen eta Xamatzeko dantzarien arku eta ezpaten artetik pasa eta zain zituen hiru seme eta hiru errain agurra dantzatzeko. Orduan korapilatu zaio eztarria Pellori eta egun osoan emozio malkoei eutsi ezinda egon da.
Kontzertua
Labegaraietatik frontoira, han zain zeukan saio berezia, bandako kontzertuaren bigarren zatia beretzat propio gertatua baitzen. Aritzeta abesbatzakoak eta danborradako barril joleak han ikusteak ere asko hunkitu du Pello. Eskerrak emateko hitz gutxi batzuk baino ez zitzaizkion atera mikrofonora gerturatuta. "Banekien Aritzetak bandarekin abestu behar zuela, baina barril joleak agertzerik ez nuen espero, eta sekulako poza eman didate", esan digu kontzertu ostean Garitanok.
Trikitilariekin poteoa egin eta bazkaritan 500 lagun izan dira frontoian. Han ere ez da oparirik falta izan, 20tik gora taldek saritu baitute Pello.
Muxu, besarkada eta zorion hitzen artean eman du eguna eta berari eskerrak emateko egindakoa gehiegizkoa iruditu zaion arren, eskertu du herritarrek berarekin izan duten akordua eta baita kanpotik ere bera zoriondu izana. Bazekien eguneko ekintzak berarendako antolatuak zirela baina sorpresaz hartu dute hainbatek. Sorpresak eta momentu hunkigarriek, ordea, indarra eman diote, aurrera ere "hankak sano dauden bitartean" lanean jarraitzeko, hala esan digu berak.