Jardun euskara elkarteak jakitera eman ditu Mendekoste jaietako zapirako marrazki eta lelo lehiaketaren irabazleen izenak: marrazkiaren irabazlea izan da Pedro Garitano 72 urteko bergararra, eta leloarena, 9 urteko Paula Marcos, bergararra hori ere.
Salbuespena
Bi sari ematea ezohikoa da. Lehiaketa eta saria bakarrak izaten dira, hau da, marrazkia eta leloa biak hartzen dira kontuan eta sari bakarra ematen da. Hala eta guztiz ere, epaimahaiak erabaki du aurten salbuespena egitea eta marrazkia eta leloa, bakoitza bere aldetik saritzea.
Marrazkia eta leloa
Goiko irudian ikus daiteke Pedro Garitanoren marrazkia. Irudikatzen ditu Domingo Irala kaleko farola berriak, hainbat musika notarekin lagunduta, besteak beste.
Paula Marcos neskatoaren leloak dio: Gau eta egun euskaraz jardun, eta euskarari eta Jardun euskara elkarteari ere egiten dio erreferentzia modu inplizituan.
Biek ala biek 60 euroko saria jaso dute.
Zapiak jaietan salgai
Jardun elkarteko ordezkarien esanetan, pozik daude lehiaketak jaso duen erantzunarekin, izan ere, 17 lagunek hartu dute parte.
Zapiei dagokienez, jaietako egubakoitz eta zapatuan egongo dira salgai San Martin plazan, hiru euroren truke.
Bestetik, Gau eta egun euskaraz jardun leloa daramaten 3.000 pegatina ere banatuko dituzte, doan.