Pasealekua egingo dute San Antonio eta Martoko artean, erreka ondotik

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko urt. 11a, 17:26
Zumelaga jatetxe parean hasi eta Martokora arteko –Martoko auzoko lehen etxeetaraino– pasealekua egingo dute; guztira, 200 metro inguru. Kamiñeruen orubean eraikitzen diharduten etxebizitzen ingurua urbanizatu egin behar dela eta, ingurune guztia txukuntzea erabaki du Udalak. Hala, dirulaguntza eskatu zion Aldundiari, eta baiezkoa jaso du.

Pasealekua errekaren kontra joango da, eta hormigoi inprimatuzko zoladura jarriko diote; gainera, atseden tokiak eta berdeguneak izango ditu. Hau da, eserlekuak jarriko dituzte, pergolak eta baita kale-argi berriak ere. Oinezkoendako gune atsegina izatea nahi dute.
Gunearen egokitzapenak tratamendu mistoa izango du; hau da, oinezkoendako pasealekua izateaz gain, aparkalekuak ere egokituko dituzte. Aparkalekuok errepidearen ondoan egingo dituzte, pasealekuaren paralelo, autoak linean aparkatzeko moduan.

Aldundiaren laguntza

Udal iturriek azaldu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuak 249.583,36 euroko laguntza eman du, eta diru hori jarri du, hain justu, hiri eta landa eremuak berreskuratzeko eta lehengoratzeko jarraitzen duen politikaren baitan. Asmo horrekin, hain zuzen, Arantza Tapia diputatuak hitzarmena sinatuko du Agurne Barruso alkatearekin epe laburrean.
Dagoeneko lanon aurreproiektua eginda dagoela aurreratu dute udal iturriek, eta proiektua laster jasoko dutela. Horrekin batera, gehitu dute proiektuak zehaztuko duela lanen aurrekontu osoa zein izango den. Hala, litekeena da Udalak diru kopuru bat jarri behar izatea.

2008an bukatuta

Udalak aurreratu duenez, 2008 urtearen barruan bukatuta egon beharko dira lanak. Hasiera data zehaztu barik dagoen arren, 4-5 hil iraungo dutela ere esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak