Partiduari buelta eman ostean 1-2 nagusitu zen Bergara Euskaldunaren aurka

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko mar. 7a, 14:12
Galtzen hasi bazen ere, jaun eta jabe izan zen Bergara Andoainen. Hiru puntu garrantzitsu erdietsi zituzten mahoneroek beheko postuetan dagoen Euskaldunaren aurka. Lehia osoan zehar nagusi izan baziren ere, bigarren zatian iritsi ziren bergararren golak.

Etxetik kanpo bi jardunaldi izan ditu jarraian Bergarak eta ezin hobeto egin die aurre, bi norgehiagokak irabazi dituzte-eta. Zapatuan Andoainen jokatu zuten mahoneroek beheko postuetan dabilen Euskaldunaren aurka. Partidu garrantzitsua zen bi taldeendako, baina bergararrak izan ziren hasieratik hiru puntuen bila joan zirenak.

Atsedenaldira galtzen

Hasieran joko gutxi eta urduritasuna nagusi. Bergara zen baloiaren jabe baina defentsako akats baten ondorioz etxekoak aurreratu ziren markagailuan (1-0). Beraz, atsedenaldira galtzen joan zen Bergara. Bigarren zatian Jokin Balzategi zelairatu zuen Manu Diazek eta taldeak asko igarri zuen, aurrealdean haize freskoa ekarri zuen-eta aurrelari bergararrak. Hala, behin eta berriz ekitearen saria jaso zuen kanpoko taldeak, Euskaldunako defentsa batek baloia marra gainetik eskuarekin atera zuenean; penaltia eta kanporatzea. Penaltia Markel Ilzarbek jaurti zuen eta ez zuen hutsik egin (1-1).

Hamar jokalariren aurka jokatzen jakin

Etxeko taldea hamar jokalarirekin gelditu izana ezin hobeto aprobetxatu zuen Bergarak eta ondo landutako jokaldi batean 1 eta 2koa ezarri zuen Iñaki Mujikak. Euskaldunak ez zuen aukera garbirik egin lehia berdintzeko baina epaileak norgehiagoka zazpi minutu luzatu zuenez, sufritzen amaitu zuten mahoneroek. Datorren jardunaldira begira hainbat baja izango ditu Bergarak; batetik, lesioengatik eta, bestetik, zapatuan zenbait jokalarik bosgarren txartel horia ikusi zutelako. Hala ere, Manu Diaz lasai dago, dioenez, ordezkatu dutenek "lan ona" egingo dutelako. Gero eta gertuago daude maila mantentzea bermatzen duten 40 puntuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak