San Martin ikastetxetik aurreratu dutenez, hainbat dira eraikin txikiak behar dituen egokitzapenak: sistema elektrikoa berritzea, leihoak konpontzea, lurra egokitzea... Eta gehitu dute: "Gaur, astelehena, Delegazioko obra arduraduna etorriko da eraikina ikustera. Guk egokitu beharreko gauzen zerrenda prest daukagu eta ikusi beharko da azkenean zertzuk konpontzea erabakitzen duten". Obrek, hain justu, baldintzatuko dute San Martingoak noiz hasiko diren eraikin hori erabiltzen: "Ikasturteko azken hiru hilekoa han egin nahi genuen, baina obrak bukatu artean itxaron beharko dugu", esan dute.
Obrak bukatu eta gero Lehen Hezkuntzako hiru gela eroango dituzte hara: "Asteon Eskola Kontseiluak batzarra egingo dugu eta hor erabakiko dugu zein hiru gela eraman", azaldu dute.
Horrek guztiak eragin zuzena izan du Aranzadi ikastolarengan, orain arte eurak erabili dute-eta, eraikin txiki hori.
Aranzadi eraikin handira
Aranzaditik azaldu dutenez, Aste Santu bezperan utzi zuen eraikin txikia, "hala agindu" zitzaiolako, eta "hala agindu zitzaigun San Martin Agirre ikastetxekoen jasanezinezko espazio arazoaren irtenbidea eraikin honek emango ziela argudiatuz", esan dute. Gehitu dutenez, "aginduak adierazten zuen baita ere, ikastolak erabiltzen jarraituko duen eraikin handian beharrezko egokitzapenak egingo zirela gure proiektu pedagogikoa ahalik eta gutxien kaltetzeko". Hori horrela, egokitzapenok egin dira eraikin txikian galdutako gelak eraikin handian irabazteko. Horretarako, eraikin handiko gela batzuk erdibitu egin dituzte eta beste batzuk pasilloetan egokitu dituzte. Horren aurrean Aranzadik adierazi du espazio oso estuak geratu zaizkiela: "gela txikiak, pasillo oso estuak... Logikoa, lehen geneukan espazio berean hiru gela eta biltegia sartu beharra izanda...".
Aranzaditik zehaztu dutenez, eraikin handiko egokitzapen lan horiek bigarren hiruhilekoan egin dituzte. Hala, "eskertu" egiten diote Hezkuntza Delegazioari lanek "eguneroko joan-etorrian ahalik eta traba gutxien sor zezaten egindako guztiagatik". Dena den, lanok eskola egunetan enbarazu ere egin diela aurreratu dute, "guztia Aste Santuan eraikin txikia konpontzeko, eta ondoren, San Martin Agirrekoak etorriko zirelako".