Barrusorekin batera, Maite Guridi, Enara Minguez, Mikel Elkoroberezibar, Aitor Guridi eta Iñigo Iñurrategi zinegotziak egon ziren batzarrean. Ordu eta laurden inguruko iraupena izan zuen bilerak. Nagusiki hauek dira gobernuaren asmoak: auditorioa Miguel Altunako eraikinean, Ibargarain, kokatzea; Seminarioak liburutegia, Aranzadi Ikastola, UNEDen ataltxo bat eta museoa hartzea; eta Arrizuriaga UNEDen egoitza berria izatea. Errotalden gazteendako liburutegia kokatzea aurreikusten du udal gobernuak.
Herritar batek Seminarioa aurreikusitako guztia jasotzeko gertu dagoen galdetu zion alkateari. Egindako azterketaren arabera, baietz erantzun zion Barrusok. Bestalde, alkateak oso positiboki baloratu du herritarrekin batera abian jarritako prozesua: "Oso ondo baloratu dituzte bilera hauek eta gure proposamenari gehiengo batek ondo edo oso ondo iritzi dio".
Aukeratutako 30 herritarrekin egin zuen lehen bilera gobernuak azaroaren 9an eta ordutik herriko eragileekin beste zortzi bilera egin dituzte. 250 lagun inguruk hartu dute parte. Egubakoitzean, herritarrei inkesta bat eman zitzaien; datozen egunotan iradokizunen buzoian jasoko dituzte erantzunak. Aurrerantzean, alderdi ezberdinekin berbetan jarraituko du udal gobernuak eta poliki-poliki egitasmoak zehazten joatea da euren asmoa.
EAJ, kontra
Udalbatza osatzen duten gainerako alderdiekin bildu da udal gobernua dagoeneko eta EAJ izan da orain arte gobernuari erantzun dion bakarra. German Muruamendiaraz EAJko zinegotziaren hitzetan, "Auditorioa eta UNED Seminarioan nahi ditugu eta liburutegia, Arrizuriagan. Eskolei dagokienez, Aranzadik espazio gehiago behar izanez gero, 2011tik aurrera Miguel Altuna izango luke. Edozein modutan, datozen egunotan zehaztuko dugu gure ikuspuntua prentsaurreko baten".