Parkeetako zuhaitzen osasuna aztertu dute

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko aza. 23a, 11:49
Errekalde, Santa Ana eta Usondokoena aztertu dute, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz.

Herriko hiru parkeetako, Usondoko, Santa Anako eta Errekaldeko, zuhaitzen egoeraren gaineko azterketa egin du Asesores Arboristas enpresak Udalaren eskariz, eta azterlan horren arabera, hiru zuhaitz bota egin behar dira. Hala eta guztiz ere, oro har, parkeotako zuhaitzak osasuntsu daudela azpimarratzen du azterketa horrek.

Azterlanak jasotzen duenez, zuhaitzok bota behar dira "zaharrak izateagatik edo egituraren gainbeheragatik" erortzeko edo apurtzeko arriskua dutelako.
Bota behar duten zuhaitzetako bat da Santa Anako lizar gazte bat, eta beste biak dira Errekaldeko astigar bat eta akazia faltsu bat.

Horrez gain, beste bederatzi zuhaitzi adaburuak moztea gomendatzen du azterketak eta Usondoko bi zuhaitz, kablez lotzea. Horrekin guztiaren batera azpimarratzen du parkeotan konponketa lanen bat egiteko beharra dagoenean "kontuz egin beharko direla, zuhaitz helduen sustrai sistemak asko sufritu dezakeelako; ez lanak egin eta berehala, baizik eta lau, sei edo zortzi urtera". Hori horrela, lanak ongi aztertzea komeni dela azaltzen du, "zuhaitzei ahalik eta gutxien eragiteko beharrezko aldaketak eginez".
Hiru parkeotan daude 118 zuhaitz –tamaina askotarikoak–: Santa Anan, 50; Usondon, 51; eta Errekalden, 67. Eta horietatik guztietatik aztertu dituzte 54; tamaina handia dutenak edo hauskortasun sintomak dituztenak, hain justu ere. Horietako 24 aztertu dituzte Usondo parkean; 21, Errekalden; eta 9, Santa Anan.

Segurtasuna bermatu

Azterketa hori egiteko erabakia hartu zuen Udalak iaz, neguan izandako denboraleen ondorioz zuhaitz batzuk erori egin zirelako. Hala, eta herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz, hori kontrolatu beharra zegoela ikusi zuten eta neurriak hartzea erabaki zuten.

Azterketa egiteko erabakiarekin batera, hartu zuten beste segurtasun neurri bat izan zen haize handia dabilen egunetan parke publikok ixtea.

Esandako lanak noiz egingo dituzten aurreratu ez arren, lehenbailehen egingo dituztela esan dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak