Paella erraldoia herri bazkarirako Pazkoetan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko mai. 15a, 16:17
Geroago eta gertuago daude Mendekoste jaiak –maiatzaren 29tik ekainaren 2ra– eta dagoeneko Udaleko Kultura Zerbitzuak prest du egitaraua. Kultura Zerbitzuari dagokionez, ohiko ekitaldiez gain, hainbat berrikuntza izango dira.

Batetik, erraldoien konpartsari dagokiona. Izan ere, protagonismoa hartuko dute erraldoiek aurtengo Pazkoetan: alde batetik, hilaren 23an hasi eta 30era arte, erraldoien erakusketa egongo da kultura etxean; bestetik, erraldoi konpartsak ate irekien jardunaldia egingo du Pazkoetako egubakoitzean, San Martin plazan. Hala, erraldoiak nola muntatzen dituzten, nola dantzatzen dituzten... erakutsiko  diete herritarrei konpartsako kideek. Eta zapatuan, Navarcleseko (Katalunia) konpartsaren bisita jasotzearekin batera, izenik ez duten lau erraldoiendako aukeratu dituzten izenak emango dituzte ezagutzera, aurreratu ezin den oso modu politean.

'Kick boxing'-a eta erremontea

Beste berrikuntza bat da Seminarioan egokituko duten zezen-plazan zapatuan egongo den kick boxing saioa. Euskal Herriko eta Frantziako selekzioek jardungo dute buruz buru eta sei borrokaldi izango dira: bost gizonezkoenak eta bat emakumezkoena.
Erremontea ere egongo da, eta hori ere berria da herrian.Bi partidu ikusteko aukera egongo da; bata, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kopako lehen partidua izango da.

Paella erraldoia

Pazkoetako astelehenean, Koadrilen Eguneko bazkarian ere berrikuntza izango da aurten: San Martin plazan, jendaurrean prestatutako 500 lagunendako paella erraldoia egongo da menuan.

Udalak antolatutako egitarauaz gain, Txosna batzordeak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu: zapatua euskal preso eta iheslariei eskainitako eguna izango da eta astelehena, AHTri ezetz esateko eguna.

Blusa jantzi eta parte hartzeko dei egin dute

Udalak dei berezia egin nahi die herritarrei Mendekoste jaietarako: blusak jantzi eta parte har dezatela jaietan. "Jendearen parte-hartzea da jaiak borobil egiten dituena, eta, blusen kolore alaiekin baldin bada, are hobeto", diote Kultura Sailetik. Egitaraua egiteko orduan, adin guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatzen saiatu dira eta hartu-emanetan jardun dute, besteak beste, Gazteria Kontseiluko eta San Joxepeko kideekin. Hala, gazteek eskatuta bits jaia egongo da, esaterako, eta helduen kasuan, astelehena ez da soilik Umeen Eguna izango, Helduen Eguna ere bai, eurendako propio antolatutako ekitaldiekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak