Oteizari buruzko erakusketa ibiltaria Bergaran, egubakoitzetik aurrera

Mireia Bikuña 2009ko mar. 31a, 20:32
Gipuzkoako herri ezberdinetatik pasa ostean barikuan zabalduko dute Bergarako Aroztegi aretoan Jorge Oteizaren gaineko Bizirako proiektua erakusketa. Hain zuzen ere, maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:00etara; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domekatan 12:00etatik 14:00etara.

Bost ataletan banatuta

Oteiza eta haren artea hobeto ezagutzeko erakusketak bost bloke ditu. Lehenak biografia du hizpide; bloke horretan Oteizaren bizitza kontatzen da, testu eta irudiekin. Bigarrenak, atal bibliografikoak, Oteizaren ahalmen sortzailea islatzen du. Horretarako artistaren argitalpenak erakusten dira. Gizarte eta kultur ekintza  arloak, bestalde, Oteizaren gizarte proiektu eta egitasmo pedagogikoak azaltzen ditu. Gainera, kultur ekintza eta sorkuntzaren garrantzia azpimarratzen du, eta norbanakoaren eta gizartearen eraldaketarako oinarrizkotzat aurkezten dira.

Laugarren sailean hizkuntza  da protagonista. Oteizaren jomuga izan zen euskara aurre-indoeuroparra eta hizkuntzaren arloan zuen mundu-ikuskera erakusten dira. Azkenik, erakusketako atal nagusiak Oteizaren obra  azaltzen du, haren bilakaera aztertuz. Horretarako, artistaren eskultura lanen irudiak erabiltzen dira.

Erakusketa ibiltaria

Oteizaren jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatutako ekimena da. Bizirako proiektua du izenburu erakusketak, eta 2008ko udazken hasieran abiatu zen. Abiatu, bai, erakusketa ibiltaria baita. Eta dagoeneko hainbat herritan egin du geldialdia, hala nola, Zarautz, Orio, Azkoitia edo Eibarren. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta Jorge Oteiza fundazio museoak laguntzen duen proiektua da eta finean, izenburuak dioenez, Oteizaren bizitza eta haren ibilbidea laburtzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak