Osintxuko ziklokrosa bihar, zapatua, 10:00etan hasita

Xabier Urtzelai 2009ko urt. 9a, 17:19
Egunotan bota duen elurrak kikildu barik, puntako lasterkariz beteta izango da bihar Osintxun egingo duten 2. ziklo-krosa. Espainiako Kopako azken bi probak izango dira Osintxukoa eta Itsasondokoa, eta asteburuan korrituko dituzte biak. Hori horrela, ziklista asko animatuko dira gurera etortzera. Azken orduan jakin dugu, baina, munduko mtb kopa txapeldun Marga Fullana ez dela etorriko, gripearekin dagoelako.


Euskal Herriko txirrindulariekin batera gainontzeko lurraldeetatik ere ziklista asko gerturatuko dira asteburuan gurera, izan ere, bihar eta etzi Osintxun eta Itsasondon egingo dituzten lasterketetan erabakiko da Espainiako Kopa. 


Elite mailan Javier Ruiz de Larrinagak eta Tino Zaballak duelu ederra izango dute, bi ziklisten artean bederatzi puntuko aldea baino ez dagoelako. Atzerago daude Unai Yus, Isaac Suarez, Egoitz Murgoitio, David Seco edota Aketza Peña moduko ziklistak, lasterketak ze maila izango duen erakusten dutenak. Eta hori gutxi balitz, mendiko bizikletarekin palmares ikusgarria duen Jose Antonio Hermida ere Osintxun izango da bihar.


Emakumezkotan ere puntako ziklistak izango dira biharko proban. Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute horretan, eta gainera, gizonezkoen eta emakumezkoen sariak berdindu egin dituzte. Pena, mendiko bizikletako munduko kopa txapeldun Marga Fullana ezingo dela etorri, hark kolore biziagoa emango ziolako probari.
Dena dela, lasterketarako faboritoa azken hiru probak irabazi dituen Rocio Gamonal da, baina kontrario gogorrak izango ditu, besteak beste Rosa Bravo, Isabel Castro, eta Euskal Herriko txapeldun Ione Muxika. Puntako ziklista horiekin batera ibarreko hamabost ziklista inguru izango dira bihar proban.

Lasterketako ordutegia:

10:00: Elite mailako emakumezkoak eta gazteak, master 30, 40 eta 50. (40 min).
11:00: Kadete mailako gizonezko eta emakumezkoak (30 min).
12:00: Gazte mailako gizonezkoak (40 min).
13:00: Elite mailako gizonezkoak eta 23 urtez azpikoak (60 min).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak