Orni: enpresa


Bergarako Orniko langileen artean ezinegona da nagusi. Zuzendaritzak lau nomina sor dizkie (abendutik ez dute kobratzen) eta enpresa Konkurtso Legean sartuta, etorkizuna beltz ikusten dute. 47 langile dira Ornin eta Dakigun (lantegiaren azpiko enpresa) eta iazkoa urte normala izanda, ez dute ulertzen enpresak nola jo duen behea. Zera salatu dute: zuzendaritzak diru gehiago inbertitzeko gertu ez zegoela esan ziela bakarrik. Urtarrilean kobratu barik lan egiteko konpromisoa hartu zuten langileek, baina egoerak ez zuen hobera egin. Urtarrilaren 26tik egunero joaten dira lanera, baina lantegiaren jarduna geldirik dago. Orniko zuzendarietako batek zera esan digu: "Uztailetik ez dugu apenas saldu, aurreikuspenak onak baziren ere. Bazkideon aldetik, lantegia aurrera ateratzeko ahalegin handia egin dugu baina ezinezkoa izan da eta ez dugu onartzen inolaz ere lapurretan ibili garenik esatea. Konkurtso Legearekin gauzak argituko dira".

Zuzendaritzak kontratuen etetea aurkeztu zuen otsailaren erdialdean eta sasoi hartan protestak hasi ziren. Hiru langilek epaiketa izango dute hilaren 18an zuzebdaritzako kide bat iraindu eta mehatxatzeagatik. Langileak oso haserre daude ugazabekin: "Hiru langileren egoera ekonomiko larria zela-eta, gutxienez beraiendako dirua aurreratzea eskatu genien abenduan, baina hori ere ez zuten egin".
Enpresa Konkurtso Legean murgilduta,  bi administratzaile izendatu ditu epaileak dagoeneko. Bien bitartean, egunero lantegira joaten dira langileak, goizez eta arratsaldez. Lanik ez izatean, egoera jasanezina dela diote.
Makina-erremintako sektorean dihardu Ornik eta 2004an Merkataritza Ganberaren Pyme saria jaso zuen. Urteetan gaur egun Eroskik Amilagan duen pabiloian egon ondoren, hura saldu eta tailer berria inauguratu zuten San Juanen 2006ko udan. Eguaztenerako, manifestazioa deitu dute langileek, 19:00etan San Martin plazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.