Orientazio psikologikoa gurasoendako

Edu Mendibil 2007ko urriaren 1a

Familiei zuzendutako orientazio psikologikoko zerbitzua eskainiko du Bergarako Udalak aurrerantzean. Debagoienean zerbitzu aitzindaria izango da. Lea Artibain eta Urola Kostan zerbitzuak izandako erantzun onari eutsi nahi dio Bergarako Udaleko Ongizate Zerbitzuak.

Udalak eta EHUko Psikologia Fakultateak hitzarmena sinatu dute aurtengo ikasturtean Bergaran zerbitzua eskaintzeko. 0 eta 19 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta dago zerbitzua.


Besteak beste, guraso eta seme-alaben arteko harremanak hobetzeko informazioa eman, seme-alaben garapen pertsonala sustatzeko orientazioa eskaini eta familian heziketaren gainean sortutako zalantzak argitzen saiatuko dira Etxadi taldeko psikologoak. Zerbitzua doanekoa eta konfidentziala izango da eta interesatuek hiru aukera izango dituzte zerbitzura jotzeko: 94 405 15 49 telefono zenbakia (eguenetan, 11:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 17:00etara), Udaleko webgunea eta posta arrunta. Aurrekontua 9.280 euro da.

Zerbitzua azaltzeko hitzaldiak

Arantzazu Loidi Udaleko prebentzio teknikariaren eta Roberto Martinez zinegotziaaren arabera, nolabait Gurasoen Eskola ordezkatzera dator zerbitzu berria. Zerbitzuaren xedea haurtzaroan eta nerabezaroan garapen pertsonal osasuntsua lortzen laguntzea dela esan zuten.

Zerbitzuaren nondik norakoak azaltzeko bi hitzaldi izango dira martitzenean, urriaren 2an, kultura etxean: 15:30ean lehena eta 18:30ean bigarrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak