Organo erromantikoaren nazioarteko zikloa hasiko da aste bukaeran

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko ira. 27a, 11:02
Zikloaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitia, Azpeitia eta Bergarako udalen eskutik egingo da irailaren 29tik urriaren 18ra bitartean. 12 kontzertu izango dira guztira; horietatik lau Bergarako San Pedro parrokian. Beste urte batez munduko organo-jole ospetsuenek joko dute San Pedro parrokiako organo erromantikoa. Zapatuan hasiko da zikloa Bergaran.

Irailaren 29an, 20:00etan, Ignace Michiels organo-jole belgiarrak egingo du kontzertua. Kontzertu berezia izango da lagun izango baitu Matthias Schlubeck flauta jole alemaniarra. Besorik gabeko flauta-jolea da, hortik kontzertuaren berezitasuna.

Bergaran egingo den bigarren kontzertua urriaren 6an izango da. Emakumezko bat izango dugu honakoan teklatu aurrean: Mami Sakato japoniarra.

Hurrengo zapatuan, urriaren 13an, Jose Luis Franzesena azpeitiarrak egingo du kontzertua eta honakoan Aretxabaletako abesbatza izango du lagun.

Urriaren 20an izango da ziklo honen barruan Bergaran egingo den azken kontzertua. Loreto Aramendi organo jole oriotarrak egingo du kontzertua eta bere ere ez da bakarrik izango. Naroa Intxausti sopranoarekin batera egingo du emanaldia.

Kontzertu guztietan pantaila erraldoia jarriko dute San Pedro parrokian ikusleek organo-jolea lanean ikusteko aukera izan dezaten. Emanaldi guztiak, gainera, doan izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak