San Martin jaietan urtero egiten duen moduan, Erreileno eta Tostoien Kofradiak urteko batzar nagusia egin du gaur, domeka. Hantxe izendatu dituzte kofradiako ohorezko kide berriak: Miguel Gonzalez Bastida Bergarako Musika Bandan eta konposatzaile moduan egindako lanagatik; Zabala jatetxearen izenean, Antxoni Suinaga, gastronomian egindako lanagatik; Javier Retegi Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, bere ibilbide profesionalagatik eta Jose Mari Gonzalez Bergarako Musika Bandako lehendakaria, musika bandak 175. urteurrena bete duelako.
Agurne Barruso alkateak hasi du ekitaldia, kofradia guztiei ongi-etorria emanez eta Bergarako kofradiari eskerrak emanez, herriaren izen ona munduan zehar zabaltzeagatik. Ondoren, Juan Luis Bikuñak hartu du hitza; ohorezko kide bakoitzaren gaineko azalpenak eman ondoren, kideek zin egin dute Bergarako erreilenoak eta tostoiak defendatu eta ezagutzera emango dituztela. Ekitaldia ezin hobeto amaitu dute: erreileno eta tostoiak jaten.
24 kofradia
Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo 24 kofradiak parte hartu dute, 120 bat lagunek, guztira. Meza entzun ondoren, desfilea egin dute herriko kaleetan, Musika Bandak eta Txistulari Bandak lagunduta. Batzarraren ondoren, txikiteora joan dira eta Lasa jatetxean bazkari ederra egin dute.
Era guztietako kofradiek hartu zuten parte; hona hemen guztien zerrenda:
- Tolosako babarrunak
- La Foz de Morcingo arbiaren lagunak (Asturias)
- Guijueloko (Salamanca) urdaiazpikoa
- Beasaingo odolostea
- Cantabriako gazta
- Idiazabalgo gazta (Ordiziako kofradia)
- Gaztela Mantxako gazta (Toledo)
- Hernaniko sagardoa
- Getariako txakolina
- Ezpeletako piperra
- Eibarko bakailaoa
- Bidasoako izokina (Irun)
- Galiziako Queimada (Donostia)
- Corsaires Basques (Donibane-Lohitzune)
- Ziburuko Ttoro
- Vasca de Gastronomia
- Gastronomica da Madeira
- Nafarroako Erreilenoa (Atarrabia)
- Saint Romain en Bordelais et Pays Libournais
- Santanderko Zapico
- Miarritzeko lanperna
- Fresno De la Vegako (Leon) piperra
- Pintxo donostiarra
- Bergarako Erreileno eta Tostoiak
Aipatzekoa da, baina, kasu berezi bat; izan ere, aurten lehenengo aldiz, Atarrabiako (Nafarroa) erreilenoaren kofradiak parte hartu du. Bergarako gozoek, badute, bada, konpetentzia.