Horregatik, Udalak pasa den martitzenean bilera informatiboa egin zuen, aipatutako auzoetan bizi direnendako. Bilerara 30 auzotar inguru azaldu ziren. Udalaren aldetik, Agurne Barruso alkatea, Enara Minguez Gobernazio batzordeburua eta Joseba Aizpurua Bulego Teknikoko teknikaria egon ziren. Barrusok planteatu zuen auzoan egoten diren aparkaleku arazoak kontuan hartuta, norabide bakarra ipintzea egokiena zela behintzat lanek iraun bitartean – bi edo hiru urte inguru–. Auzotarrek, horren harira adierazi zuten aparkaleku faltaz gain norabide bakarra ez dela konponbidea, behin eta berriro autoekin saihesbidera irten beharko luketelako eta ez litzatekeelako inongo arazorik konponduko.
Txandakako semaforoak
Auzotarrek egoeraren gainean zituzten kexak entzun ondoren, Agurne Barruso alkateak hainbat ondorio atera zituen: alde batetik, norabide bakarraren ideia baztertuta gelditu zen, auzotarren kezkak entzunda ez litzatekeelako konponbide egokiena izango; horren ordez, txandakako semaforoak ipintzea erabaki zuten. Hirugarrenik, azaldu zuen Ozaeta auzoko aparkalekuen proiektuarekin aurrera jarraituko dutela eta auzoan Udaltzaingoaren presentzia gehituko dutela ere adierazi zuen, egoten diren zirkulazio arazoak saihesteko. Azkenik, beste edozein bilera egiteko gonbita egin zien Udalak bilerara joandako auzotarrei.