Gaztelekua nolakoa izango den zehazteko dago oraindik. Dena den, egueneko Kontseiluan nerabeek egin zituzten proposamenak. Besteak beste, nahi dute gaztelekuak honako guneak izatea: koadrilarekin egoteko, ping-pongean eta mahai-futbolean egiteko, musika entzuteko, telebista ikusteko, eskulanetarako eta abesteko lekuak eta sukaldea.
Udaletik Agurne Barruso alkatea eta Nagore Narbaiza Hezkuntza teknikaria joaten dira Kontseilura, eta 25 bat nerabe. Hala, nerabeen proposamenok jaso zituzten eta, aztertu eta gero, otsaileko azken eguenean egingo duten hurrengo Gazteria Kontseilura gaztelekuaren guneen gaineko proposamen zehatza eroango dute. Nerabeek ere hiru punturen gaineko erabakia hartuta eroan beharko dute: gaztelekuan begiralerik egon behar duen ala ez, egutegia eta ordutegia.
Kokaleku hori behin behinekoa izango da. Izan ere, Udalaren asmoa da etorkizunean Errotalde jauregia izatea gazteen etxea eta hor jartzea gaztelekua.
Gazteria kontseilua
Udalak zehaztutako Gazteria Planaren baitan eratu da Gazteria Kontseilua. Zehazki, 14 eta 17 urte arteko nerabeendako gunea da eta helburutzat du nerabeok herri mailan dituzten beharrei, kezkei... erantzuteko espazio propioa izatea eta proposamen trukerako gune izatea ere bai. Izan ere, udal arduradunak kontziente dira adin tarte horretakoengan dutela hutsunerik handien. Dagoeneko lau batzar egin dituzte.