Nerabeendako alkohol gabeko afaria Errege bezperan

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko abe. 19a, 09:55
14 eta 18 urte bitarteko gazteendako antolatu du Udalak, Munibe plazako karpan. Horrez gain, ekitaldi ugari egongo da Gabonetan.


Aurten ere ekitaldi ugari izango da Gabonetan eta horien artean berrikuntzak ere badira. Nabarmenena da Udalak 14 eta 18 urte artekoendako Errege bezperarako antolatu duen afaria. Munibe plazako karpan izango da eta horretarako mahai eta aulkiak jarriko ditu Udalak.  
Afariarena gazteen eskaria izan da eta Udalak garatutako Gazte planaren baitan sortu da. Hain justu, Udal ordezkariek, Planaren barruan, adin horretako 25 bat gazterekin aldika egiten dituzten batzarretan. "Galdetu genien batzarrean zer nahi zuten guk antolatzea urtarrilaren 5erako eta erantzun zuten afaria eta kontzertua", azaldu du Nagore Narbaiza Hezkuntza teknikariak. Hala, Udalak gazteek eskatutako antolatzea erabaki zuen, beti ere, gazteek Errege Kabalgatan parte hartuz gero. Hala, gazteok Kabalgatan hartuko dute parte.
Kabalgata eta gero, patata tortilla lehiaketa egongo da karpan. Lehiaketako tortillak afarirako gordeko dituzte eta etxetik eramandako beste elikagai batzuekin osatuko dute afaria.
Afarian parte hartzeko izena eman beharra dago. Horretarako deitu behar da kultura etxera, 943 77 91 60 zenbakira.
Kontzertuari dagokionez, 23:00etan Hesian eta Drindots taldeak egongo dira. Biak ala biak, gazteek eskatutakoak dira.

alkoholik gabeko afaria

Udalak jarritako baldintza da "alkoholik eta bestelako sustantziarik gabeko afaria izatea", azaldu du Narbaizak. Eta gehitu du: " Badakigu gazteok kalera aterako direla hortaz, gure helburua da parranda ahalik eta sanoena egin dezaten". Gazteok sinatu dute agiri bat konpromiso hori hartzen.
Hezkuntza teknikariak gehitu duenez, afariaren berri emateko gutuna bidaliko diete adin tarte horretako seme-alabak dituzte gurasoei. Bestalde, batzar informatibo baterako dei ere egiten diete. Hilaren 23an izango da, 19:30ean, Zabalotegi aretoan. Batzarrean –baita afarian ere– Askagintzako ordezkariak egongo dira, Udalarekin elkarlanean dihardute-eta prebentzio arloan.
Tabernariei ere gutuna bidali diete Udaletik gogora ekartzeko adin txikikoei ezin zaiela alkoholik saldu, besteak beste.

gaur hasita, artisau azoka

II. Artisau Azoka izango da aurten. Gaur, egubakoitza hasi eta hilaren 24ra arte egongo da ikusgai, 10:30-14:00 eta 17:00-21:00 ordutegian. Hartuko dute parte 11 artisauk. Horrez gain, Udalak gonbidatutako herriko eta Elgetako beste bost artisau ere egongo dira: Aspace –saskigintza–, Pili Arin –hosto lehorrak eta oroigarriak–, Jose Ramon Madinabeitia –euskal pilota–, Igor Herce –larrugintza– eta Emilio Gutierrez –makilak.  

napar feria, san antonion

Bihar, zapatua, Napar feria egingo dute San Antonion. 10:30ean irekiko dute eta egongo dira ohiko postuez gain, jaiotza eta postalen lehiaketaren sari ematea, 13:00etan, eta umeendako animaliatxoak 12:00etan. Bestalde, etzi,  10:30etik aurrera, txistorra emango dute eta Jarduneko trikitilarien eta dantzarien saioa egongo da.

jolas parkea

Txikienendako jolas parkea hilaren 26tik 28ra egongo da zabalik. Ohiko tailer, jolas eta puzgarriak egongo dira. Ordutegia izango da 16:00-19:30, eta prezioa, 5 euro.
Horrez gain, Jardunek ere antolatu ditu Gabonetarako gaztetxoendako ekitaldiak. Hain justu, urtarrilaren 2an askotariko jolasak egingo dituzte Munibe plazako karpan, 18:00-20:00 ordutegian. Besteak beste egongo dira malabareak, eskulanak, jolas kantak eta hanka paloak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak