'Neguko Festak' erakusketa, egutegiko festa garrantzitsuenen iragana ikusgai Aroztegin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko ots. 11a, 13:35
Otsailaren 5ean ireki zuten eta hilaren 21era arte egongo da zabalik Enza taldearen 'Neguko Festak' erakusketa. Gure egutegiko jai garrantzitsuenak neguan ospatzen ditugu eta feston jatorria erakustea da erakusketaren helburuetako bat. Proposamen interesgarria, besteak beste, Aratusteetako pertsonaiarik ezagunenak gertutik ezagutzeko aukera izango delako.

Heldu dira Aratusteak eta amaitzear da negua. Lanerako urtaro lasaiena, gure arbasoek negua erabiltzen zuten baserriaren goxotasunean eta herritik irten gabe, urteko ospakizun handienak egiteko; San Martinetan hasita eta Garizumaren hasierara arte. Gure egutegiko jai garrantzitsuenak neguan izaten dira eta festa horien guztien jatorria ezagutzeko, erakusketa ezin interesgarriagoa dugu ikusgai Aroztegi aretoan. Izan ere, helburu nagusia da islatzea baserri giroan ematen ziren ohitura eta sinesmenetatik ez garela hain urrun bizi, oraindik eragiten digutela, hain zuzen.

Datorren domekara arte
Enza taldearen Neguko festak erakusketa otsailaren 5ean ireki zuten eta hilaren 21era arte egongo da zabalik, honako ordutegian: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara. Erakusketa arrakastatsua izan da oso; Gasteizen zabaldu zutenean, esaterako, 15.000 bisitari izan zituen.
Hori bai, Enza taldeak Aroztegi aretora moldatu behar izan du erakusketa eta horregatik ez dute beste areto batzuetara eroan izan duten materiala ekarri. Baina horrek ez dio erakusketari interesgarritasunik kentzen.

Aratusteetako pertsonaiak
Aratusteetako pertsonaiak dira erakusketaren interes puntu nagusiak. Aroztegira Ziripot eta Markitos ekarri dituzte, baina Momotxorro, Hartza Oso, Miel Otxin eta bestelako pertsonaiak ezagutzeko aukera ere izango da.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, erakusketako materiala "ez da museokoa". Hau da, material horretako asko Aratusteetan erabiliko dena da: "Erakusgai dagoen Markitos aurten erreko dute". Eta noski, pertsonaiez aparte, denetariko materiala dago erakusgai: mozorroak, zintzarriak, animalien larruak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak