Mikel Landak (Naturgas) irabazi du Gorlan

Irati Agirreazaldegi 2009ko mar. 29a, 20:16
Gaur jokatu da 35. Gorlako Igoera txirrindulari lasterketa. Gorlarako bigarren igoeran, helmugarako kilometro bat falta zela ihesi zihoazen Caja Ruraleko bi txirrindulari harrapatuta lehena iritsi da helmugara Mikel Landa arabarra.

Eguraldi narratsa zegoen iragarrita domekarako eta hotza izan arren euriak errespetuz jokatu du txirrindulariekin lasterketan eta helmugan. Tanta batzuk jausi badira ere, ateri egon da denbora gehienean.

Gorlako gainean lehena aurten Soraluzeko lasterketa ere irabazi duen Naturgas Energia taldeko Mikel Landa arabarra izan da 2:27:45ko denbora eginez. Denbora berarekin sartu dira helmugan Landaren atzetik Garikoitz Bravo Caja Rural taldekoa eta Seguros Bilba taldeko Alberto Morras. Taldekako sailkapenean Caja Ruralek lortu du lehen postua Naturgas Energiaren eta Seguros Bilbaoren aurretik.

Erorketa Ondartzako biribilgunean

San Martin plazan abiatu dira goizeko hamarretan 129 txirrindulari. Lasterketa nahiko lasai joan da hasieran eta ihesaldi txikiak baino ez dira ikusi. Bergarako sarreran, Ondartzako biribilgunean, izandako erorketa batek , ordea, taldea luzatu eta lasterketa apurtu du, talde txikiak sortuz.

Gorlarako lehen igoeran ihesaldi txikiak izan dira, baina talde nagusiarekiko apenas atera duten tarterik eta Gorlako gainetik ere talde txikietan baina batera samar pasa dira txirrindulari gehienak.

Elosu, Aizpurutxo, Urretxu eta Zumarragan barrenako ibilbidea egin eta Deskargako mendatetik Bergararako bidean txirrindulariak elkartzen hasi dira eta lasterketa motza izanik Gorlako igoeran gehienetan gertatzen den moduan domekan ere igoeran erabaki da irabazlea; azken kilometroan gainera.

Azken kilometroan erabakia

Gorlarako bigarren igoeran Caja Ruraleko bi txirrindulari abantaila apur batekin igotzen hasi dira eta kilometro batzuk bakarrik egin badituzte ere, atzetik zetorren taldean Naturgas Energiako txirrindulariak tiraka hasi eta gero irabazle izan den Mikel Landak aurrera egin du Alberto Morrasekin. Azken kilometroan, ihes eginda zihoazen Caja Ruralekoak harrapatu eta Landak indartsu egin du aurrera helmugara lehenengo iritsi arte.

Sari banaketaren ostean, Mikel Landak ere hala azaldu digu lasterketaren bukaera: "amaieran, ihesi joan dira bi txirrindulari eta atzetik lan egin  behar izan dugu eta azken kilometroan harrapatu ditut Caja Ruraleko bi txirrindulari eta hor jokatu da lasterketa, gogorrena izan naiz eta helmugan lehena".

Gustura zen emaitzarekin eta lasterketa "azkarra eta bihurria" izan dela esan digu. "Hasieran bakarrik joan naiz baina gero taldekideak agertu dira eta oso ondo irten zitzaidan amaiera, zortea izan nuen".

Lehenengo Gorlako pasadan Caja Ruraleko bost txirrindulari eta Seguros Bilbaoko beste laurekin gelditu da Mikel Landa, bere taldeko txirrindulari bakarra. "Besteak aurkari gogorrak ziren eta ni bakarrik nindoanez, lasterketa zaila izan da, tarte horretan batez ere. Baina taldekideak azaldu direnean elkarlanean jardun dugu eta emaitza ona izan da".

Irabazlea pozik eta baita antolatzaileak ere. Iaz baino partaide gutxiago izan arren maila onekoak izanik proba polita izan da.

Sailkapena

1. Mikel Landa     2:27:45

2. Garikoitz Bravo     2:27:45

3. Alberto Morras     2:27:45

4. Arturo Ariño     2:28:13

5. Igor Merino     2:28:17

6. Higinio Fernandez     2:28:17

7. Adrian Legasa     2:28:26

8. Aitor Ocampos     2:28:26

9. Francisco Javier Moreno    2:28:26

10. Pablo Torres     2:28:28

11. Jagoba Arberas    2:28:40

12. Pello Bilbao    2:28:40

13. Hasier Olea    2:28:40

14. Borja Sanchez    2:28:53

15. Mikel Bizkarra    2:28:53

16. Jose Vega    2:28:53

17. Josue Gonzalez    2:28:53

18. Pablo Marcano    2:29:04

19. David Gonzalez    2:29:04

20. Sergio Ruiz    2:29:04

21. Jose Miguel Fernandez    2:29:18

22. Roberto Fernandez    2:29:18

23. Antton Ibarguren    2:29:18

24. Aritz Bagues    2:29:18

25. Jon Urtizberea    2:29:18

26. Jon Izagirre    2:29:18

27. Jesus Maria Linares    2:29:20

28. Imanol Iza    2:29:20

29. Ruben Cuesta    2:29:47

30. Ivan Gonzalez    2:29:47

 

Debagoiendarrek lasterketa utzi

Hiru txirrindulari debagoiendarrek hasi dute lasterketa domekan Bergarako plazan: Asier Penabad eta Iban Caballero Debabarrena taldeko bergararrak eta Bruesako Xabier Arnaiz oñatiarrak. Lasterketa aurrera joan ahala, ordea, hirurek utzi egin dute.
Penabad eta Caballero osasunez motel ibili dira eta horrek izan du eraginik. "Zalantza izan dut irten ala ez, zapatuan sukarra izan nuelako. Irten naiz eta nahiko ondo nentorren arren Ondartzako biribilgunean jausi egin naiz; kanbioak eta katea gaizki nituen, zapatila apurtuta eta atzean geratu naiz. Erabaki dut hobe zela erretiratzea eta ondo sendatzea, ezinean ibiltzea baino", esan digu Penabadek.

Iban Caballerok ere astean barrena ez du entrenamendu saiorik egin katarroa izan duelako eta sumatu du hori lasterketan:"hasieratik izan da gogorra. Lauan asko kosta zait erritmoa hartzea; igoeran ere atzean hasi naiz eta ondorioak izan ditu horrek. Tropelean Gorlako hirugarren kilometroraino joan naiz eta gero behean gelditu naiz".

Lehen urtea afizionatu mailan

Xabier Arnaizek Gorlarako lehenengo igoeran, erdi inguruan utzi du lasterketa. "Afizionatu mailan berria naiz eta gainontzekoek martxa hartua dute. Nik ezin nion erritmo horri ondo segi. Hala ere, erretiratu naizenera arte ondo ikusi dut nire burua lasterketan".

Denboraldiko asmoak

Gorlako lasterketa utzi arren badituzte proba mordoa aurrerantzean. Penabadek esan digu  sasoi aldetik nahiko ondo dabilela: "Aurrean ibiltzea nahiko zaila da , baina ihesaldietan muturra sartzen saiatuko nahiz eta aukerak aprobetxatuz ahal bada  postu politen bat lortzen".

Iban Caballerorendako denboraldia luzea da eta espero du uda partean gogor entrenatzen hastea. "Iaz ere uda pasa ostean hasi nintzen. Udara bitartean ikastea tokatzen zait bai unibertsitatean eta baita lasterketetan ere; eta lasterketetan ahalik eta gehien ematen ahaleginduko naiz".

Xabier Arnaizek denboraldi honetarako ez dauka asmo zehatzik, "ahal dudana egitea eta etorri beharrekoa etorriko da. Gainera, kontuan hartu behar da lehen urtea dela niretzat eta oraindik aurretik baditudala urte batzuk maila hobetzeko eta egin dezakedana erakusteko. Orain tropeleko kideak nahiko gogorrak dira", esan digu oñatiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak