'Nahasterrekan' da Bergarako Mahaster River hirukotearen bigarren diskoa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko abe. 23a, 13:09
Bergarako Mahaster River taldeak bigarren diskoa kaleratu du. Zapatuan aurkeztu zuten diskoa Bergarako Etxagi tabernan eta gero kontzertua eman zuten. Dagoeneko diskoa salgai dago 10 eurotan.

Nahasterrekan du izena talde bergararraren lan berriak. Zapatuan aurkeztu zuten jende aurrean; Mikel Azkargorta, Unai Azkarate eta Fernando Laskurain taldekideak izan ziren Bergarako Etxagi tabernan diskoa aurkezten. Disko berriaz gain, fanzinea eta webgunea ere aurkeztu zuen Bergarako hirukoteak.

Andoaingo Garate estudioetan

Andoaingo Garate estudioetan grabatu zuten diskoa apirila eta maiatza bitartean, Martxel Arkarazo teknikariaren zuzendaritzapean; eta, esan bezala, lehen diskoa baino kolaborazio eta instrumentu gehiago sartu dituzte bigarren honetan. Lehenengo hura barruko lana izan zen eta oraingoa bizitasun gehiagokoa dela azaldu dute.

10 abestiz osatutako diskoa da eta dagoeneko salgai dago 10 eurotan. Bergarako Etxagi, Nahikari, Pol-pol eta Ziripot tabernan, eta Laino dendan eskura daiteke.

16 orrialdeko fanzinea

Disko berriarekin batera fanzinea eskura daiteke doan. 16 orrialdetako fanzinea da; eta, lehenengo diskoa aurkeztu zutenetik orain arteko ibilbidea jasotzen dute. Hau da, azkeneko bi urte hauetan egunkari eta aldizkarietan Mahaster Riverri buruz idatzi dena jaso dute.

Webgune berria

Gainera, prentsaurrekoak balio izan zuen webgune berria aurkezteko. www.mahasterriver.com webgune berria. Donostiako Ander Aznarrek diseinatutako orria da, baina bergarako hirukoteak kudeatuko duena. Dagoeneko sarean dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak