Musika maratoia gaztetxean, Txapa Irratiak antolatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2008ko uztailaren 4a

Guztira, herriko 27 musika talde eta bakarlarik hartuko dute parte Txaparrada Musikala jaialdian, eta denetariko estiloak entzun ahal izango dira; punk gordinenetik hasita, erromeria alaitsueneraino. Hala, gaur 20:30erako iragarri duten dezibel zaparrada ez da zapatu gauera arte –02:30ak arte– atertuko.

CDa kaleratuko dute

Txapa Irratiak, gainera, asteburuko 27 talde  horien emanaldiak betikotu egingo ditu. Kontzertu guztiak soinu-mahaian grabatuko dituzte, gero CD bat kaleratzeko. Gainera, abenduan aterako duten disko horretan ez dituzte bakarrik musika maratoian izango diren taldeen abestiak sartuko: Bergarako beste talde batzuen doinuak ere entzun ahalko dira; besteak beste, Supercools, Belceblues eta Aby Kem taldeen kantuak. Beraz, diskoan 35 talde inguruk hartuko du parte, eta bakoitzak abesti bat sartuko du. 

Baina hori ez da dena. Diskoarekin batera antolatzaileek liburuxka bat argitaratuko dute, irratiaren bilakaera eta Txaparrada Musikala hizpide izango dituena. Liburuxkan kantua grabatuko duten taldeek era zuzenean kolaboratuko dute.

Egitaraua

4, egubakoitza
20:30    Pedre
21:00    Aitzol Mujika
21:30    Larra
22:00    Ady Holden
22:30    Morley
23:00    Cool Panic
23:30–00:00    Sententzia
00:30    Yotox
01:00    Rotten Teenagers
01:30    Turboshit
02:00    Olimpic Darts
02:30    The Street 77   

5, zapatua
17:00    Garate
17:30    Azkaiter Pelox
18:00    Mikel eta Fer
18:30    Mahaster River
19:00    Zigor eta Hebert
19:30    Folsom Four
Afarirako deskantsua
21:30    Fly Shit
22:00    Extorsion
22:30    No hay Solucion
23:00-23:30    Lord Witch
00:00    Nobox
00:30    Against The Rapist
01:00    Hardflip
01:30    Aldaketa
02:00    Emon
OHARRA: Sarrera librea izan arren, Txapa Irratiari laguntzeko bonuak hiru euro balioko du

24 urte 'txapada' ematen

Txapa Irratiak 24 urte bete ditu aurten. 1984. urtean jaio zenean, herriko sindikatu batek utzitako lekuan hasi ziren emititzen. Gero, denbora batez, Zabalotegiko dorretxetik egin zuten, Udalarekin akordio bat lortu ondoren. Egun, gaztetxean dute egoitza, eta, han izan arren, argi utzi nahi izan dute Txapa Irrati Kolektiboa dela irratiaz arduratzen dena, eta ez beste inongo kolektiborik; Bergarako Gazte Batzarra, kasu.

Egun emititzen duten programazioak 27 irratsaio ditu, eta askotariko gaiak lantzen dituzte: musika –noski–, kultura, ekologia... Gainera, Bergarako herriari irekita dagoen irrati moduan definitzen dute euren burua, herriko norbanako, kolektibo eta taldeek euren ideia, kezka eta proiektuak plazara ditzaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak