Datorren asteko eguenean, hilaren 20an, Bergarako Musika Eskolak Santa Zezilia, musikarien zaindariaren eguna, ospatuko du. "Ospakizuna herriari zabaldu nahian Euskal Herriko musika eskola guztiak egun berean eta ordu berean irtengo gara kalera", esan du Musika Eskolak.
Musika eskolen elkarteak Musikalean –Musika kalean– izena jarri dio ekimenari eta egun horretan Kukuxumuxuk diseinatutako kamisetak aterako ditu. "Guztira Euskal Herriko 34 musika eskolak parte hartuko dugu, horietatik 24 gipuzkoarrak izango garelarik. Guztira 1.500 ikasle irtengo gara", esan digute Musika Eskolan.
Azken 24 urteetan, Bergarako kaleetan zehar, gazte bandak eta eskolako ikasleek kalejira egin izan dute. Aurten ere, ohiturari jarraituz, musika eskolatik kalejiran irtengo dira 17:30ean. Ondoren, San Martin plazan ekitaldi txiki bat egingo da. Talde askok hartuko dute parte: txistu taldeak, trikiti taldeak, akordeoi taldeak edo abesbatzak, adibidez. "Bertara hurbiltzen diren guztientzat txokolatada eskainiko dugu".
Bihar, orkestra sinfonikoa
Bergarako Orkestra Sinfonikoak ere ospatuko du Santa Zezilia eguna. Bihar, 20:00etan, Mariaren Lagundiko elizan egun hau ospatzeko kontzertua eskainiko dute. "Berez, azaroaren 22an ospatzen da Santa Zezilia, baina musika bandak 23an jotzen duenez, batera aritzeko, astebete aurreratu dugu", dio Alfredo Gonzalez Chirlaquek. 35 minutuko kontzertu arina emango dute eta doakoa izango da.
Hasteko, ganbara taldeak irtengo dira: aurten oboe eta adar ingelesekoak izango dira. Ondoren, klarinete baxuek eta fagotek joko dute. Amaitzeko, orkestra guztia batuko da: hasieran sokazkoak irtengo dira eta ondoren orkestra guztiak joko du.
Gabonetako kontzertua antolatzen daudela azaldu digu Chirlaquek. Bertan, ohiko taldeek hartuko dute parte. Abenduaren 20an izango da, Udal Pilotalekuan, eta aurten, zuzendariak berak konposatutako Urdiroz lana interpretatuko dute.