Joan den urteko udaberrian kaleratutako bakarkako lehen lana aurkeztuko du txelo joleak; Bat izena du horrek. Minimalismoan eta bat-batekotasunean oinarritako musika aurkituko dute bihar iluntzean Zabalotegira joaten direnek. Proposamen arriskutsua da hori; txeloarekin musika esperimentala egitera ausartu da-eta eibartarra. Horretarako, beste hainbat musika tresna erabiltzen ditu, hala nola, perkusioa, organoa, ukelele, platertxo txinatarrak eta loop station pedala. Ahotsak ere garrantzi handia du.
Anari eta morau
Bere lehenengo lana aurkeztera badator ere, Maite Arroitajauregik esperientzia dauka agertokietan; aurretik, Morau, Anari edo Ibon Rodriguez abeslariarekin kolaboratzaile lanak egin ditu-eta. Bakarkako lanarena Bilbon eskainitako kontzertu baten ostean hasi zuen lantzen. Esandako emanaldian Frantziako mutil bi zeuden; horiek Parisen egin behar zuten aurkezpenera gonbidatu zuten, kontzertua eman zezan. Handik bueltan, hasi zen bakarkako lana argitaratzeko urratsak ematen.
Bat izeneko diskoak zazpi abestiz osatuta dago; horietako bost Arroitajauregik egindakoak dira; besteak The Moldy Peaches eta PJ Harveyren bertsioak dira. Euskara, portugesa, ingelesa eta errusiarra erabiltzen ditu.
'Cruzadas cotidianas' antzezlana
Bestalde, Cristina Castillok antzeztuta, Cruzadas cotidianas izeneko antzezlana ikusteko aukera egongo da gaur, egubakoitza, Zabalotegi aretoan, 22:00etan. Horretarako sarrerak 5 euro balioko du. Esandako emanaldian, ikus-entzuleek gaur egun dugun bizimodu "kaotikoaz" hausnarketa egin dezatela nahi du Cristina Castillo aktoreak; aldatzeko kapazak ez garen bizimoduaz, hain justu ere. Horretarako, bizimodu normala duten lau emakumeen bizitza kontatzen du, bakarrizketen bidez. Emakume horiek gaur egun pil-pilean dauden gaiak ukitzen dituzte, hala nola, nagusien mendekotasuna, immigrazioa, lana eta familia bateratzeko zailtasunak eta lesbianen bikoteen ikusezintasuna. Baina, horren gainean berba egiteaz gain, aldarrikapen komuna ere badute laurek: bizimodu hobeagoa izatea, hain zuzen ere.