Munduko hainbat bazterretara 30 urtez ahotsa eramaten

Jasone Zabala 2009ko martxoaren 25a

Zapatuan 20:00etan Aritzeta abesbatzak bere 30. urteurrena dela-eta kontzertua eskainiko du Maria Lagundiako elizan. Kontzertuan, azken urteetan eskainitako abestien errepaso bat egingo dute eta abesti berri bat ere abestuko dute; guztira, 12 abesti. "Espero dugu gustura geratzea ikusleak, guretako erronka polita da-eta", adierazi digun Ibon Garitano presidenteak.

 

Orain arteko ibilbidea

Aritzeta 1979 urtean sortu zen. Pasa diren 30 urte horietan kontzertu asko eskaini ditu Euskal Herrian, Europa eta Espainian ere; abesbatzen federazioko eta Bergarako Musika eskolako sortzailetariko bat ere bada abesbatza. Orain arte hiru zuzendari izan ditu; lehena Alfredo Gonzalez Chirlaque izan zen; ondoren Izaskun Labayen aritu zen lan horretan eta 1997 urtea geroztik Imanol Urtzelai ari da. Presidente lanetan duela urte batzuetatik Ibon Garitano ari da.Orain arteko ibilbidearen balorazioa "oso positiboa eta ederra" izan dela esan digu berak: "Jende askok izan du abesbatzako kide izateko aukera, jende asko ezagutu dugu, familiak sortu dira, ehunka emanaldi egin dira, bai hemen zein atzerrian, kultura eta musika estilo ezberdinak ezagutu eta landu ditugu", esan digu. Orain abesbatza 28 kidek osatzen dute: "Ateak ez daude itxita; nahi duenak eman dezake izena eta entseguetara etorri, astelehen eta eguaztenetan 21:00etatik 22:30ak arte Mizpirualdeko elizan".
Etorkizunari dagokionean Garitanok argi dauka: "Jendea ez bada abestera animatzen honek ez dauka etorkizunik, horregatik garrantzitsuena herriko abesbatzetan jende berria sartzea da, izan ere eta orokorrean, abesbatzetan jende gutxi dihardu abesten eta".

Beste kontzertu batzuk

Zapatukoaz gain, ondorengo lekuetan ere eskainiko dituzte kontzertuak urteurrena ospatzeko: apirilaren 4an Eibarko Sostoa Abesbatzaren urteurrena ospatzeko bertan izango dira kontzertu txiki bat eskaintzen; ondoren, maiatzak 1eko zubian Burgosen bi kontzertu eskainiko dituzte; laugarrena, maiatzaren 16an, Musika Eskolaren urteurrenean; uda aldera ere eskainiko dute kontzertua: uztailaren 18 Santa Marina eguneko kontzertua eta irailaren 12an, Orfeoiarekin batera Tirri-Tarrako ikuskizuna.

Kontzertuaren egitaraua

Esti dal       
Chori Erresiñoula   
Verso el cielo   
Izarapean
The lion sleeps tonight
Kaiku   
A Tu Lado   
Carnavalito quebradeño   
Laura – Quero água   
El Bodeguero   
Eres tú
Aunitz urtez


Zuzendariak: Imanol Urtzelai / Larraitz agirre

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak