Korea, Japon, Errusia, Alacant, Katalunia, Madril eta Euskal Herriko ikasleak esku hartu dute ikastaro berezi honetan, aurten 24. edizioa betetzen duen ikastaroa hain zuzen ere. "Ikasle hauek organo mota honen soinu originalen bila etortzen dira", azaldu du ikastaroaren antolatzaile Esteban Elizondo organo-joleak. "Ez dago organo erromantikorik Errusian edo Alemanian eta hemen, oso distantzia txikian bilduma zoragarria daukagu. Askorendako munduko garrantzitsuenetako bat. Organo-joleendako Bergarako organoa altxor handia da, zalantzarik gabe".
Goi mailako ikasleak
Ikastaro honetan parte hartu duten ikasleak goi-mailako musikariak dira. Euren grina organo erromantikoen ezaugarriak ezagutzea da eta horretarako oso aproposa da Bergarako organoa. "Bergarako organoa zoragarria da, nazioarte mailan ezagutua", esan du Elizondok. "Duela gutxi kongresua egin zuten hemen organo-jole frankofonoek, 90 bat lagun etorri ziren. Liluratuta joan ziren. Mota honetako organo oso gutxi gelditzen dira euren jatorrizko egoeran. Esan beharra dago, ala ere, urte asko pasa direla azken berritze lanak egin zirenetik. Bere mekanika zertxobait nekatuta dago. Komeniko litzateke poliki-poliki berriztatze lanekin pentsatzen hastea".