Julian eta Martin Ezenarro anaiek pasa den asteko igandean ekarri zuten Urritza moxala Osintxuko zelai batera. Bost hilabete inguru ditu, eta eurek esan digutenez, oso animalia otzana da. Pasa den astean baina, eraso egin zioten moxalari: lepoan ebaki bat egin zioten.
Moxala zeukaten zelaian aztarna batzuk agertu ziren, eta Ezenarrotarrek azaldu digutenez, auzoko hainbat baserritarrek beste auzotar bat ikusi zuten moxala zeukaten zelaitik jaisten eta argi daukate auzotar hori izan zela moxalari eraso egin ziona.
Salaketa jarri dute epaitegian auzotar horren kontra eta gaineratu dute, ez dela erasotzen duen lehen animalia. Baserri horretakoek auzoa eta auzotarrak izututa dauzkatela ere esan digute.
Konponbide eske
Ertzainei jakinarazi diote gertatutakoa, eta Guardia Zibilengana ere joan dira auzotar horiek armak erabiltzeko baimenik duten galdetzera. Esan dietenez azaroan utzi zituzten bertan bi eskopeta, baina inguruko baserritarrek ziurtatu digute orduz geroztik ere entzun dutela tirorik. Udaletxera ere zuzendu dira laguntza bila.
Moxala hobetzen
Behin salaketa jarrita, epaiketaren zain geratu dira Ezenarrotarrak. Urritza moxala bitartean, apurka apurka hobetzen ari da, oraindik ere gizakien aurrean beldurrez jokatzen duen arren.