Moñux: "Entseguetan malkoren bat bota nuen 'Javerten heriotza' lanarekin"

Jasone Zabala 2009ko martxoaren 19a

Zapatuan, 15 urte geroago 'Miserableak' ikuskizunak izan zuen harrera beroaren ondoren balorazio denbora da. Horretarako Valen Moñux zuzendari artistikoarekin eta Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendari musikalarekin egon gara. Biak balorazio oso positiboa egin dute: "Pozarren nago; neuzkan helburu denak bete direlako, bai emaitza aldetik eta baita Musika Eskolak dituen asmoen aldetik", esan digu Moñuxek. Lehen emanalditik ona aldaketa ugari izan dira, eta Moñuxek batzuk nabarmendu ditu: "Teknika asko hobetu da: tresneria, soinua eta argiztapena hobea da, antzezleek esperientzia gehiago daukate eta kantu maila ere asko igo da".

 

Publikoaren berotasuna

Moñuxek positiboki baloratu duen beste gauza bat eskenatokia erdian jartzearena izan da, berarendako ikusgarritasuna irabazi duelako musikalak. Azkenik Javerten heriotza lan berria ere azpimarratu du zuzendari artistikoak: "Entseguetan malkoren bat bota nuen Javerten heriotza lanarekin". Musikala bigarren aldiz borobil atera bazen ere "herri honek erakusten duen musikarenganako maitasunak eskenatoki hobeagoa merezi du; horrela, ikuskizuna borobilagoa izango litzatekeelako, adibidez auditorioa bat izanez gero", esan du Moñuxek. Chirlaquek, musikalera hurbildutako jendearen berotasuna nabarmendu du. "Orokorrean ondo egon zen eta igarri zen jendearen heldutasun bai eskenatoki gainean eta baita orkestrako musikarien artean ere. Garrantzitsua izan da duela 15 urteko jendea errekuperatu izatea eta ilusio hori mantentzea". Nabarmendu duen beste puntu bat ikusleen berotasuna da. "Bergarako jendeak musika gertutik jarraitzen du. Interesa piztu du jende gaztearengan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak