Antzerki areto ezberdinetan antzezteaz gain, Virginia Imazek osasunarekin erlazionatutako kanpainetan hainbat alditan antzeztu du Molestias clownicas. Hasieran bakarrik antzezten hasi zen eta gerora lankideak batzen joan zitzaizkion. Hala ere, duela lau urte berriz ere bakarrik antzeztera pasa zen, lankideak beste proiektu batzuetan murgildu zirelako.
18 urte pasa dira estreinalditik baina Imazek argi utzi gura izan du ikuskizuna emanalditik emanaldira hobetzen doala: "Prozesua ez dago itxita, muina mantendu egiten da baina pasarteak hobetu egiten dira; obra lehen aldiz antzeztu nuenetik bihar [gaur] eskainiko dudan antzezlanera, badago aldea". Izan ere, gaiak ez du gaurkotasunik galdu, "zoritxarrez". Emakumeak osasun zerbitzuetan pasatzen dituen une txarrak kontatzen ditu; ginekologoaren aurrean, esaterako. Hori bai, clown kodea da nagusi, hots, pertsonaiak pailazoak dira eta umorea da euren tresna. Hau da, errealitate gordina modu eraginkorrean islatzea umorea erabiliz.
Gaurkotasuna, ezinbestekoa
Egun Antzuolan bizi den antzezle bergararraren ustez, antzezlanak iraungo du taldeko kideek obra antzeztu gura duen bitartean, baina dioenez, "ikuslearengan eragina izango duela ziurtatzea, ezinbestekoa" da. Horregatik ematen zaio horrenbeste garrantzia gaurkotasunari.
Imazen beste hainbat lanekin bera gertatzen da, La Alfombra Magica antzezlana, kasu. Umeen artean irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen obra, 1990eko hamarkadaren hasieran estreinatu zuen eta aldaketak aldaketa, gaurkotasunik ez du galdu.
Oihulari klown, jo eta ke
Imazezk sortutako antzerki talde beteranoa, jo eta ke ari da oraindik ere barre eginarazten. Aretoan zein kalean, haurrendako zein gazte edo helduendako eta erietxe, kongresu edo antzokietan, Oihulari Klown antzerki taldean interpretazioak ez du mugarik. Ikuskizunetan dibertimendua da nagusi, baina gogoeta da azken helburua. Ikuskizunetan taldeak bermatu du ikuslegoa eta haren entretenimendua.
"Zabalotegi oso aproposa da guretako"
Etxean antzeztuko du gaur Virginia Imazek: "Zabalotegi aretoa oso aproposa da guretako, jende kopuru aldetik oso egokia delako. Gure ikuskizunak ez dira 600 pertsonei begira eginak, gertukoagoak dira". Eta beraz, Zabalotegiko edukiera ezin aproposagoa da Molestias clownicas antzezlanerako.
Bestalde, dio Imazek, "etxean antzezteak bere plusa" du: "Hasieran, baina, aitortu beharra daukat beldur pixka bat niola Bergaran antzezteari". Gaurko emanaldira jendea animatu gura du: "ongietorria izango da" adierazi du.