Moises Azpiazuren omenezko dantza solte lehiaketa: etxeko bikotea nagusi txapeldunen arteko lehian

Jon Berezibar 2008ko irailaren 22a

Txapeldunen txapelketa izan ohi da Moises Azpiazu dantza solte lehiaketa. Euskal Herriko txapeldunen arteko norgehiagoka izaten da eta, hain zuzen. Aurten ere Gipuzkokoa, Arabako, Bizkaiko zein Euskal Herriko onenak igo dira pilotalekuko oholtza gainera. Aurten, baina, txapela etxean geratu da, Bergaran bertan, Ibane Basetaren eta Mikel Igartuaren eskuetan.

Berriki Euskadiko bigarren eta Arabako lehenak izan eta gero, denboraldia borobiltzeko etxeko saria geratzen zitzaien bergararrei. Forma ezin hobean eta pausu berriekin lan bikaina egin zuen bikoteak eta ederto bete zuten helburua. "Zalantza geneukan Oreretako eta Hernaniko bikoteak, ez ote gintuen gaindituko", aitortzen du Basetak, baina horiek bigarren geratu ziren azkenean (Nagore Indakoetxea eta Xabier Segura) eta hirugarren lekuan Sestaotik etorritakoak (Karlos de las Heras eta Oroitz Bilbao).

Garaipenaz galdetzerakoan Basetak dio eurek urte osoan entseatzen dutela, "aurten oporretan ere ibili" direla azalduz. "Oso ondo preparatuta etorri gara aurten eta pausu berriak egin ditugu bai arin-arinean zein fandangoan", dio dantzariak. 200 euroko saria, garaikurra eta txapela eta zapia eroan dituzte etxera Basetak eta Igartuak. Denboraldi amaiera bikaina, hortaz.

Bikote gutxiago aurten

Bestelako konpromisoengatik eta eragozpenengatik aurten aurrekoetan baino bikote gutxiagok hartu dute parte: bostek.

Ikuskizuna osatzeko lehiaketa hasi baino lehen txikiek egin zuten dantza. Euskal Herriko txikien txapelketako lehen hiru bikoteak arduratu ziren nagusiagoendako oholtza berotzeaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak