Bergaran lau urte daramatza lanean eta azkenaldian 13 boluntariok egin dute bat egitasmoarekin. Zerbitzu profesionalak ordezkatu gabe, borondatez, solidaritate moduan eskaintzen dute laguntza. Gipuzkoan 28 herritan dihardu lanean Nagusilanek, 800 boluntarioren laguntzarekin. Dagoeneko 15 urte bete ditu Nagusilanek aipatutako zerbitzua eskaintzen.
Bergarako kasuan, orain dela lau urte jarri zuten abian eta Cristina Buitzer holandarra da zerbitzuko koordinatzailea. Egun, esan bezala, 13 boluntario ari dira Bergaran Nagusilanekin lanean; erretiratutako emakumezkoak dira gehienak, eta pare bat gizon ere badabiltza boluntario. Mizpirualdeko Alazne Irazabalek guztien lana nabarmendu zuen egubakoitzeko ekitaldian. Mizpirualde egoitzan ez ezik, etxez etxeko laguntza ere eskaintzen dute bergarar boluntarioek. Egubakoitzean sinatutako hitzarmenaren arabera, beste urtebete elkarlanean jarraituko dute Nagusilanek eta Bergarako Udalak.
Jose Luis Elosua Nagusilaneko presidenteak hau azpimarratu zuen: "Laguntza, konpainia jasotzeko beharrean egon eta bakarrik bizi direnengana gero eta gehiago iritsi nahiko genuke. Eta garbi laga nahi dugu ez diogula inori lanposturik kentzen. Laguntasuna da boluntarioek eskaintzen dutena, ez besterik". Besteak beste, solasaldiak, irakurketak, paseoak eta holakoak egiten dituzte boluntarioek Mizpirualdeko egoiliarrekin eta etxean bakarrik bizi diren adinekoekin.
Nagusilaneko ordezkarien arabera, Bergarako kasuan 30 boluntarioz osatutako taldetxoa osatzea da helburua. Interesatuek Mizpirualdera jo besterik ez dute izena emateko eta zerbitzuaren nondik norakoak ezagutzeko.
Era berean, adinekoendako doaneko telefono arreta zerbitzua eskaintzen du Nagusilanek ondoko telefonoan: 900 71 37 71.