Mizpirualdeko egoitza berriaren maketa aurkeztu dute Aldundiko, Bergara eta Antzuolako Udaleko eta Mizpirualdeko ordezkariek eta Natxo Ibarretxe proiektua egin duen arkitektoak.
Mizpirualde berriak 141 lagunendako tokia izango du egoitzan, 30endako eguneko zentroan eta 12rendako tutoretzapeko apartamenduetan. Proiektua eginda dago. Lanak urtea bukatu aurretik hasi nahi dituzte eta Gallastegi jarduneko alkatearen arabera, urte pare bat iraungo dute.
Errepidearen maila jaitsi
Natxo Ibarretxe arkitektoak azaldu duen moduan, "eraikin berri osoa kota berean egongo da eta horretarako, errepidearen maila jaitsi beharko da, anbulantziak ateraino joan daitezen". Guztira 6.308 metro koadro eraikiko dituzte baina beste 4.000 metro koadrotan ere lanak egingo dituzte, errepidea jaisteko, terraza egiteko edo apartamenduen ostean egongo diren ortuak egiteko, adibidez. Kostuari buruz, metro koadro bakoitzak 1.400 euro inguruko kostua du.
Egoitza berria osatzen duten bi eraikinetan eguzki plakak jarriko dituzte; 80 guztira. Ura berotuko dute horiekin.